Eguerdi parterako jende ugari bertaratu da Angiozarko Mainddao auzoan dagoen Elizamendira. Berezia izan da gaurko eguna, gainera. Izan ere, bi hamarkada baino gehiago itxita egon ostean, berriro ere elkartu dira festa giroan dozenaka lagun.
Auzolanari esker lortu dute eliza txukuntzea, Mila Eguren auzotarrak aditzera eman duenez: "Beti egin izan dugu auzolana bai Angiozarren eta baita Mainddaon ere. Baina elizarena kasu berezia da. Urte luzetan zehar itxita egon da, eta iaz auzokide batek Elizamendin ezkondu gura zuela-eta, txukuntze lan batzuk egin genituen".
Bestalde, Elizamendik badu berezitasun bat, hain zuzen ere, bertako Andra Mariren irudiak bularra ematen dio haurtxoari. "Ez da oso ohikoa", diote auzotarrek. Eta irudiarekin lotura duen ohitura bat itzuli da aspaldiko partez gaurkoan Elizamendira: "Zorionez, beste ohitura bat bueltatu da hona, hain zuzen ere, meza entzun eta haurren zein haurdun daudenen bedeinkapen unea. Polita izan da".
Bertaratu diren gainerakoek ere iritzi bera izan dute amaieran. Eta auzotarrek eurek prestatutako jan-edana ere egon da eguna borobiltzeko, eta modu horretan, bazkalaurreko gosari aurre egiteko aprobetxatu dute guztiek.
Euste-horma, beharrezkoa
Dena dela, ez dute ahaztu gura izan aldarrikapenerako ere eguna izan dela: "Lan asko dago egiteko. Elizan hainbat konponketa egin beharko lirateke, beharra dago eta. Baina une honetan behar-beharrezkoa, euste-horma bat da, izan ere, eliza eta errepidera bitarteko zelaia mugitzen ari da; lehen laua zena, orain aldapan dago". Hala eman du aditzera Jose Angel Mikeo Angiozarko auzo-alkateak. "Dirua da behar dena, eta tamalez, ez daukagu".