"Espainiar estatuak Bergarako Udala espainiar bandera jartzera behartu du eta Bildu-Aralarrek inposaketa hau onartu dute naturaltasun osoz inolako protestarik egin gabe. Ez da kexarik egon, ez ezker abertzale, ez eta udal gobernuaren aldetik ere. Honen aurrean, Bergarako EAJ-PNVk honako adierazpena egin nahi du.
Erabat arbuiatzen dugu gure erabakitze eskubidearen aurka eta gure udaletxea osatzen duten alderdi politikoen aurka doan inposaketa hau.
Bergarako herriari gogorarazi nahi diogu EAJ-PNVren bandera bakarra ikurrina izan dela eta hala izaten jarraituko duela. Sabino Aranak, 1894an gure Alderdia fundatu ondoren sortu zuen ikurrina, eta 1936an, lehenengo Eusko Jaurlaritzak bere ikurrin ofizialtzat hartu zuen berbera.
Gerra zibilean gudari askok eman zuten bizia ikurrinaren eta Euskal Herriaren alde eta tartean bergarar asko zeuden. Familia ugarik jasan zituen mehatxuak, bortxaketak, gabeziak, nekeak eta espetxea ikurrina eta askatasuna defendatzeagatik eta espainiar bandera arbuiatzeagatik. Zenbaitek perspektiba historikoa galdu egiten duenez, Bergarako EAJ-PNVk, belaunaldietan gure ikurrinaren inguruan gertatutakoak gogora arazi nahi ditu, gogoan baititugu oso urrun ez dauden urte haiek, non ezker abertzaleak "PNV español" esaten zigun epaitegietatik zetozen erabakiak onartzeagatik, orain beraiek egingo duten bezalaxe. Non dago orain ezker abertzalearen desobedientzia zibila? Orain ezker abertzalea gure udalaren gobernuan dagoelako ez al da tokatzen? Diputazioan ere Bilduk, bertan bandera espainiarraren inposaketa gogoratzen zuen plaka kendu du eta gure aurka urteetan aritu diren "ekintzaile" guztiak isilik? Orain ez da tokatzen. Baina espainiar bandera Bergarako udalean jartzeagatik historia egingo duena Bilduren gobernua izango da. Bilduk Madrilgo mandatua beteko du. Zer gertatuko litzateke gu gobernuan bagina eta Bergarako udaletxean espainiar bandera ezarriko bagenu? Ezker abertzaleak isilik geratuko lirateke? Orain bezala men egingo lukete? EAJ-PNVK ez du inoiz ikurrinik kendu Bergarako udaletxetik, ez eta guardia zibilak agiandua bete araztea etorri zirenean ere. Eta ez genuen ere espainiar bandera jarri.
Duela hilabete batzuk, Bergarako udalak epaia jaso zuen eta Bildu-Aralar gobernuak espainiar bandera jarri zuen udaletxean beste hainbat europar banderez inguratuta, jasotako epaiari helegiterik aurkeztu gabe. EAJ-PNVk mozio bat aurkeztu zuen, inposaketa honen aurrean, udaletxea osatzen dugun ordezkari politikoen gehiengoak bandera espainiarra arbuiatzen duela eta gurea ikurriña dela agerian utziko duen plaka jartzeko. Bilduk ez du hitzartutako bete. Hori dela eta, EAJ-PNVk beste mozio bat sartu du aipatu plaka lehenbailehen jartzeko.
Geurea ikurriña da.
Gora Euskadi Askatuta".