'Apirilean musika' zikloak doinua jarriko dio herriari

Imanol Gallego 2014ko mar. 28a, 09:57
Benan eta Begigorri munstroa-ren entsegua.
Bergarako Musika Eskolak 30 urte betetzen dituen honetan, Apirilean musika zikloa hamargarren aldiz egingo da; horregatik, aurtengo egitaraua berezia izango da.

Gaurtik apirilaren 11ra arte herria musikaz beteko da. Ohiko emanaldi, ikastaro eta elkartrukeez gain, Benan eta Begigorri munstroa ipuin musikatua izango da egitarauan berrikuntza nagusia.  

Egubakoitzetik aurrera

Azken urteotan tradizio bilakatu den kantu ikasleen emanaldiarekin hasiko dute zikloa, baina, dudarik gabe, lehen aste bukaera honetako ekitaldi bereziena domeka arratsaldekoa izango da, 19:00etan Benan eta Begigorri munstroa ipuin musikatua taularatuko dute-eta. Udal Pilotalekuko agertokia jendez beteko da; izan ere, Musika Eskolako abesbatzako eta Bergarako Orfeoi Gazteko kideez gain, 5 eta 10 urte arteko 85 haurrek parte hartuko dute. Txikiek, abesteaz gain, aktore lanak ere egingo dituzte.

Gozatu, erakutsi eta ikasi

Ikuskizunez gainera, zer ikasi ere egongo da zikloaren barruan. Horretarako, hiru ikastaro egingo dituzte: hari-instrumentuen tailerra, gazte eta nerabeei zuzendutako txalapartara gerturatzeko saioa eta erritmoa lantzeko ikastaroa. Azken ikastaro hori edalontzien jolasaren bidez egingo da eta emaitza bideoan grabatuko dute.

Aurtengo elkartrukea Eibarko Musika Eskolarekin egingo dute, eta, Bergaratik kanpo, Bergarako Musika Eskolako ikasleek Deban eta Eskoriatzan emanaldi bana egingo dute; gainerako emanaldiak herriko hainbat txokotan izango dira.

Marije Ugalde: "Ziklo honekin denok gozatzea eta aldi berean zerbait gehiago erakustea eta ikastea espero dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak