‘Herritarrekin martxan’, autobus zerbitzua hobetzeko prozesuaren bigarren parte-hartze faseari ekin dio Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Pasa den urrian hasi zuen herritarrekin parte-hartze prozesua, autobus zerbitzua hobetzeko helburuarekin. Lehen fase hartan jasotako ekarpenekin, aurreproiektua egin dute orain. Eta hain zuzen, aurreproiektu hori aurkezten dabiltza herriz herri. Zehazki, Gipuzkoako 56 herritatik pasako dira. Astelehenean Oñatin izan ziren eta atzo, berriz, Bergaran.
Oraindik ere egin daitezke ekarpenak bigarren fase honetan. Horretarako hainbat bide daude, adibidez, bilerak. Oñatin eta Bergaran egin dituzte dagoeneko, baina bailarako gainerako herrietan ere egingo dira datozen egunetan.
-
Elgeta: martxoaren 26an 18:30ean, Irizar jauregian.
- Arrasate: martxoaren 27an 18:30ean, Kulturaten.
- Leintz Gatzaga: martxoaren 28an 18:30ean, Udalbatza aretoan.
- Aretxabaleta: martxoaren 31n 18:30ean, Arkupen.
- Eskoriatza: apirilaren 1ean 18:30ean, kultura etxean.
- Antzuola: apirilaren 2an 18:30ean, Olaranen.
Bilerez gain, webgunean, sare sozialetan eta postontzietan ere badago proposamenak egiteko aukera. Proposamenak egiteko eta aurreproiektuaren gaineko infomrazio gehiago hemen.
Aldunditik adierazi dute 3.000tik gora ekarpen jaso zirela lehen fasean. 700 inguru Debagoienean. Eta ekarpenen %75a baino gehiago onartu dituztela. Gipuzkoan inoiz egin den parte hartze prozesu zabalena dela ere gaineratu dute Diputaziotik. Bigarren fase honetan eginiko ekarpenak ere jasoko dira, eta irailean egingo den hirugarren fasean emango dira aditzera.