Bergarako Musika eskolak 30 urte betetzen dituen honetan, Apirilean musika ekimenak ere bere lehen hamarraldia ospatuko du, horregatik aurtengo egitaraua berezia izango da. Aurkezpen ekitaldian Bergarako kultura zinegotzi Leire Iruinek herriko musika eskolak egiten duen ekarpen positiboa azpimarratu du.
Azken urteotan bezala kantu ikasleen emanaldiarekin egubakoitzean ekingo diote egitarauari, baina dudarik gabe, lehen aste bukaera honetako ekitaldi bereziena domeka arratsaldekoa izango da, 19:00etan 'Benan eta Begigorri munstroa' ipuin musikatua taularatuko dute-eta. Udal pilotalekuko eskenatokia jendez beteko da, Musika eskolako abesbatza eta Bergarako Orfeoi gazteko kideez gain, 5 eta 10 urte bitarteko 85 haurrek hartuko dute parte. Hauek, ipuinean zehar abesteaz gain, antzeztu ere egin beharko dute. Horretarako Rosa Narbaizak egindako moldaketa aukeratu dute.
Ikuskizunez gain, zer ikasi ere egongo da zikloaren barruan. Horretarako hiru ikastaro egingo dituzte. Gaztetxoei zuzenduta sokazko instrumentuen tailerraz gain, erritmoa lantzeko ikastaroa edalontzien jokoaren bidez egingo dute, emaitza gainera, grabatu egingo da. Nagusitxoagoek, lehen aldiz txalapartara gerturatzeko aukera izango dute.
Ikastaro hau adinaren arabera bi taldetan banatuko dute. Ziklo honen zergati nagusia ikasleak dira eta hauek izango dira emanaldi guztietako protagonistak. Taldekako kontzertuak, bakarkako emanaldiak… Aurtengo elkartrukea Eibarko musika eskolarekin egingo dute, eta Bergaratik kanpo, musika eskolako ikasleek Deba eta Eskoriatzan ere emanaldi bana egingo dituzte .
Antolatzaileek aipatu moduan, ziklo honekin denok gozatzea eta aldi berean zerbait gehiago erakustea eta ikastea espero dute.