Martitzen honetako hitzordua, baina, berezia izango da: "Ohituta gauden kontakizun bat izan beharrean, musikarekin alaitutako antzerki-jolas bat izango da", azaldu du Virginia Imaz antolatzaileak. Bertaratzen direnak gaztetuta irtengo dira, haurtzaroko kontakizunak berpizteaz gain gaztetako jolasak ere ekarriko dituzte-eta gogora.
Ainhoa Limon ipuin kontalariak Juan Gutierrez musikariaren laguntzarekin antzerki parte hartzailea den Coser y cantar kontakizuna taularatuko dute osoko bilkuren aretoan (19:00). Bertan, memoriaren gaia hari bezala erabilita, 30 urtetik gorakoen haurtzaroko elementu ugari berreskuratuko dituzte, kontakizuna jolas tradizionaletan oinarritzen da-eta.
Korroa, pasilloa, palmak eta halako jolas tradizionalak, batetik, eta Anis botila, zartagin, koilara eta bieira bat, bestetik, heldu askoren haurtzaroaren soinu banda berregingo dute. Martitzenekoa ipuinen bitartez haurtzarora bueltatzeko gonbidapen berezi bat da.
Gazteak egubakoitzean
Zu eta ni izenburupean Dorleta Kortazarren haurrentzako ipuin kontaketa saioa izango da egubakoitzean Udal Liburutegian; 18:00etan 3-5 urte bitartekoentzat eta 18:30ean 5 urtetik gorakoentzat. Helduen saioak bezala, horiek ere doakoak izango dira.
Gogoan izan behar da ipuin kontakizunak ez direla martxoan bakarrik izango. Gazte zein heldu, anima zaitezte fantasiaren leihoa zabaltzera!