Urteko batzarra egin duzue eta, besteak beste, iazko errepasoa egin duzue. Nolakoa izan da 2013a? Ze balorazio egiten duzue?
Jarduera edo egitasmoei dagokienez, urte oparoa izan zela esan genezake. Egitasmo ugari, askotarikoak eta parte-hartzaileak egin genituen. Urteroko egitasmoekin segitzeaz gain, ekintza berriak ere jarri ditugu martxan. Adibidez, urte batzuetako etenaren ostean eta gaztetxearekin elkarlanean, helduen bertso eskola martxan jarri da eta webgune berria sortu dugu.
Egitasmoen helburuak bete direla esan dezakezue?
Egitasmo guztiak daude hizkuntzaren ezagutzan, erabileran eta motibazioan eragiteko norabidean antolatuta eta helburu hau betetzen dela uste dugu. 2013ko egitasmo berrien inguruan bertso eskolarekin ahozkotasuna lantzea eta bertsozaletasuna eta haren transmisioa bultzatzea izan dira helburuak; eta helburuak arrakastaz betetzen ari dira. Webgune berriak dinamikoa eta parte hartzailea izatea du helburu, bazkideekin eta herritarrekin harremana izan eta egonkortzeko. Egitasmoa gorpuzten ari da eta helburuak poliki-poliki beteko direla espero dugu.
Krisiak gogor jo du eta igarriko zenuten. Nola eragin dizue?
Egoera ekonomikoaren krisiak elkartean eragina izan du, gizarteko alor guztietan izan duen moduan. Elkartearen ekintzak aurrera ateratzeko diru laguntza txikiagoarekin moldatu behar izan dugu. Egoera honek finantzazioaren inguruko hausnarketa egitera eraman gaitu. Argi dagoena zera da, autofinantzaketa sistema berriak aurkitu behar direla. Ezin gara diru laguntzen eta nork aginduko duen menpe egon. Eta alor honetan ere elkarteak badauka lan bat egiteko.
Zuzendaritzako kideen artean aldaketak izan dira. Zeintzuk?
Zuzendaritza talde berak jarraituko du, baina kide bat gutxiagorekin.
2014rako ze asmo berri dituzue esku artean?
2014ari begira, antzerki eskolan helduen taldea sortu dugu. Hizkuntza eta ahozkotasuna lantzeko eta aberasteko oso baliagarria den ekintza da eta herritarrak bertan parte hartzera animatzen ditugu. Bestalde, 2013ko urrian eta azaroan Udalarekin eta Uemarekin elkarlanean euskararen arnasguneen tailerrak egin ziren. Bertatik atera zen ondorioetako bat izan zen herriko eta, bereziki, merkataritzako, hizkuntza paisaian azken urteetan euskararen presentzia murriztu egin dela. Udalarekin eta herritar talde batekin batera, egoera honi buelta emateko proiektu berri bat sortu eta garatzen ari gara.
Ohiko jarduerekin jarraitzeko asmoa ere izango duzue, dena den.
Bai, urteroko egitasmoetan ez dago aldaketa nabarmenik.
Azken urteetan herriko aisialdia gero eta gehiago kudeatzen ari zarete –gaztelekua dela, udaleku irekiak...–. Jardun hori zabaltzeko asmorik bai?
Jardun azken urteetan aisialdiko zerbitzuak eskaintzen aritzearen arrazoi nagusia da aisialdia haur eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko modu eta esparru eraginkorra dela uste dugula. Ez da aisialdi zerbitzu soila. Jardun Bergarako euskara elkartea izanik, bere eragin esparrua Bergarara mugatzen da.
Etorkizunaren gaineko hausnarketa prozesua ere abiarazi duzue zuzendaritzan. Zergatik eta ze helbururekin?
Euskara elkarteok egungo egoerara moldatu behar dugu, ezin dugu orain dela 30 urteko, euskara elkarteak sortu ziren garaiko, moldeekin jarraitu. XXI. mendeko euskara elkarte eraberritu bat nahi dugu, bazkide eta herritar guztien parte-hartzearekin. Eta horretarako, hausnarketa prozesu baten beharra ikusi genuen. Etorkizunari begira, garai bateko ilusioa sortu behar da herrian. Euskaraz bizi izateko gogoa eta beharra berpiztuta. Euskara denen ahotan egon dadin, ez euskarari buruz hitz egiteko, baizik eta euskaraz hitz egin eta euskaraz bizi izateko.