"Konponbide prozesuari ekarpena egitea, euskal herritar gisa prozesu politikoan parte hartzea, eta erbestea behin betiko desager dadin etxera bidea egitea". Horixe da helburua Iheslari Politikoen Kolektibotik diotenez. "Estatuaren zapalketak sortutako gatazkaren ondorio dira iheslariak, eta gatazkari konponbide justua emateak bermatuko du haren ondorioak gainditzea; preso eta iheslari guztien etxeratzea, besteak beste", euren esanetan.
Ildo horretatik, hurrengo asteotan eta urratsez urrats Euskal Herrira bidea egiten hasteko Bide Orria osatu dute iheslariek: "Estatuen blokeoa ez egonkortzeko eta sortutako baldintzak askatzeko lanean murgildu behar dugu denok, eta horretan murgiltzea erabaki dute iheslariek ere". Zapatuan, martxoak 15, egingo dute Bide Orria aurkezteko agerraldia, Altsasun.
Hitzaldia Bergaran
Martitzenerako, hilak 18, berriz, iheslari ohi eta senideek hitzaldia eta bideo-emanaldia antolatu dituzte Bergaran. Arrasateko alkate ohi Xabier Zubizarreta Txironek, iheslari ohi ere badenak, Bide Orria azalduko du eta Bergarako iheslari ohiek nork bere bizipenen berri emango dute. Ostean bideo-emanaldi bat ere izango da. Zabalotegi aretoan da hitzordua, 19:00etan.
"Aste Santua baino lehen"
Hurrengo asteotan Iheslari Politikoen Kolektiboak Euskal Herriratzea noiz eta nola egingo duen adieraziko du eta poliki-poliki etxeratze prozesuari ekingo dio. Lehen multzoan nortzuk sartuko diren ez dago zehaztuta oraindik, ezta etxerako bidea hartuko duten eguna ere; asmoa da, baina, Aste Santua baino lehen izatea.
500 iheslari
500 euskal herritar daude etxetik ihes eginda, horietatik 100 inguru Iparraldera joanda, eta horien artetik 10 bat dira Debagoienekoak.