Herriko tabernen auziko epaiketa salatzeko elkarretaratzea egin zuten Bergaran

Mirian Biteri 2014ko mar. 13a, 11:56
Herriko tabernen auziko epaiketa atzo amaitu zela eta, elkarretaratzea egin zuten iluntzean Bergarako Arrano parean. Auziperatuen absoluzioa eskatu zuten horretan.

Epaiaren zain geratu da auzia; udarako espero dute horren gaineko ebazpena. Hori iritsi bitartean, ekintzak egiten jarraituko dute gurean. Domekan, esaterako, solasaldia dago Bergarako Pol-pol tabernan. Auzi horretan auziperatuta dagoen Joseba Alvarezek eta gazte independentisten auzian dagoen Ibai Esteibarlandak hartuko dute parte 18:00etan hasiko den berbaldian.

Urrian hasi zen Herriko tabernen auziaren kontrako epaiketa. 2002an, Batasuneko kide ziren 40 lagun Auzitegi Nazionalean epaitzen zituzten horretan,  Herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea egotzita. Zortzi eta hamabi urteko zigor eskaerei egiten zieten orduan aurre. Baina, bost hilabete pasata, joan den astean fiskaltza zigor eskaera horiek murriztearen alde agertu zen. Hain justu, 9 lagunen aurkako akusazioa erretiratu zuen, eta gainontzekoendako lau urte eta sei hilabete arteko kartzela eskatu zuen.

Kartzela zigorraz gain, auzi horrek pieza ekonomikoa ere baduela, eta horrekin kezkatuta daudela gogorarazi zuten, Bergararron alegatua, absoluzioa lelopean, atzo Bergaran egindako elkarretaratzea. Horren harira, honakoa nabarmendu zuen Roberto Martinezek: "Pieza ekonomikoa hor dago. Horren barruan, bai herriko tabernak eta baita elkarteak ere auziperatuta gaude, eta ez dakigu noraino iritsi daitezkeen ondorioak. Oraingoz, fiskaltzatik ate guztiak zabalik geratu dira". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak