Foru Aldundiak antolatutako udalekuetarako izen-ematea ireki dute

Miren Mujika 2014ko mar. 10a, 15:20

Joan den urteko udalekuak.
Datorren asteazkenean, martxoaren 12an, irekiko dute Udalekuak 2014 programan izena emateko epea. Aurten 7 eta 13 urte bitarteko 1.101 haur gipuzkoarrentzat izango dira plazak, iaz baino %15 gehiago.

Uztailaren 1ean hasi eta abuztuaren 14ra artean (biak barne) egingo diren udaleku hauetan, hiru lurralde historikoetako 7 eta 13 urte bitarteko (2001etik 2007ra bitartean jaiotakoak) 4.378 haurrek parte hartuko dute; iaz baino 254 gehiagok, hain zuzen. Gipuzkoan 1.101 plaza banatuko dira notario aurreko zozketaren bitartez. Horietatik %5 heziketa premia bereziko haurrentzat gordeko dira, haien integrazioa bultzatzeko helburuarekin. Gainera, haur horien arretarako begirale espezifikoak izango dira.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiek elkarlanean antolatzen duten egitasmo honek jolas egiteko eta elkarbizitzarako aukera zabala eskaintzen du hiru lurraldeetako aterpetxeetan. Orotara ,13 dira hiru lurraldeek kanpainarako jartzen dituzten instalazioak:

  • ARABAN: Zuhatza, Barria, Valderejo.
  • BIZKAIAN: Gorliz, Zugaztieta, Lapurreketa, Lauaxeta, Lurraska eta Urduña.
  • GIPUZKOAN: Hondarribia (Juan Sebastian Elkano), Orio (Txurruka), Zarautz (Igerain) eta Segura.

Horietan askotariko ekintzak eskaintzen dira:

  • Baserri-eskoletan (Lapurreketa) eta Ingurumen zentro batean (Lurraska) ingurumena, nekazaritza, abeltzaintza eta energien kudeaketa ezagutuko dituzte.
  • Kirol-jarduera ugari izango dira: piraguismoa, mendiko bizikleta, eskalada, windsurfa, tirolina…
  • Aisialdi-jarduerak antolatuko dira: jokoak, ibilaldiak, tailerrak etab.

Egonaldiak adinaren, hizkuntzaren eta egun kopuruaren arabera banatzen dira. 7-8 urte bitarteko haurrek euskarazko 450 plaza dituzte, eta 80 elebidun. 9-11 bitartekoek, aldiz, euskarazko 2.060 eta  420 elebidun. Bestalde, euskarazko 1.076 plaza eta 292 elebidun 12-13 tarteko umeentzat izango dira.  Aurreko urteetan bezala, ume gipuzkoarrek frantsesa ikasteko eta mugaz gaindiko kultura ezagutzeko aukera izango dute berariazko txanda batean.  Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen du txanda hori Atlantiar Pirinioetako Departamenduarekin batera, eta Orioko Txurruka aterpetxean izango da.

Izen-ematea

Zozketarako izen-ematea Gipuzkoan martxoaren 12tik 20ra izango da eta horretarako bi aukera daude: www.gipuzkoa.net/oporraldi webgunearen bidez edo Bergarako Kultura etxera joanda astelehenetik ostiralera 09:00etatik 21:00etara. 14-17 urtekoen kasuan, zozketan parte hartzeko izena emateko epea apirilaren 4tik 11ra izango da.

Aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpaina honetan parte hartu nahi dutenei erraztu nahi izan die aurrez izena emateko sarrera. Horretarako, parte hartzeko eskaera mugikorretik egiteko aukera eskainiko du, nobedade gisa. Mugikorretatik weborriko izen-emateetara iristeko sarbidea egokitu egin da, sarrera zuzena erraztuz. Weborriaren helbidea honako hau da: www.gipuzkoa.net/udalekuak.

Izena banaka, binaka edo hirunaka eman liteke. Plazak banatzerakoan lehentasuna izango dute aurreko urteetan parte hartu ez zuten haurrek eta apirilaren 3an, zozketaren ondoren, weborrian ikusi ahal izango da.

Kuotak

7 eguneko txandaren kuota 118 eurokoa da eta 10 egunekoa, berriz, 172 eurokoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntzak ezarri ditu bekadunentzat, familia ugarientzat eta familia ugari berezientzat.

Bailara mailan

Bailarako kasuan, Aretxabaleta, Bergara eta Eskoriatzako gazte zerbitzuetan egin al izango da izen-ematea, baita Oñatiko gazte informazio gunean ere. Sarean egiteko aukera ere badago.

Bestetik, Gipuzkoako Gazteentzako Informazio Zerbitzutik aurten ere UdaTxoko ataria martxan jarri dute. Bertan, haur eta gazteentzako udako aisialdi eskaintzak, kanpaldiak, auzolandegiak, brigadak eta begirale moduan lan egiteko deialdiak jasoko dituzte.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak