Promesen mailako finalaurrekoarekin hasi zen atzoko jaialdia; gorriz Irribarria eta urdinez Errandonea; azken hau zen apustuetan faborito eta partidua gogor hasi zuen, lehenengo tantoak erraz lortuz. Irribarria ordea esnatu egin zen eta sakeak ondo aprobetxatuz markagailuan aurretik jartzea lortu zuen. Maila ona erakutsi zuten biek ala biek, hala ere, azken txanpan Irribarria aramarrak, Errandonea partidutik ateratzea lortu zuen. Azken horrek huts dezente egin zituen; partiduan zehar zazpi pelota galdu zituen, eta bere buruarekin haserre amaitu zuen norgehiagoka. Irribarriak 22-13 irabazi zuen.
Ostean kantxaratu ziren Alvarado eta Ioldi. Ioldi indartsu agertu da aurten jokaturiko partidu guztietan eta atzo ere hala izan zen. Nafarra, 2012ko txapelduna da, eta saria lortzeko bidea ondo ikasia duela agerian utzi zuen atzo, norgehiagoka 22-15 irabazita. Hala ere, Alvarado ez zen arratsalde pasa joan Bergarara; partiduko lehenengo hiru puntuak berak egin zituen, eta txapelketara errebotez heldu bazen ere, ikusle bat baino gehiago harritu zuen erakutsitako jokoarekin. Bi pilotarientzako boladak izan zituen arratsaldeak; Ioldi normalean aurre hartzen zuen, Alvaradok baina estutuz markagailuan gertu jarraitzea lortu zuen. Hala ere, 13-14tik aurrera, Ioldik aurrera pauso bat eman zuen eta finalerako txartela lortu zuen. Final aurretako gakoa, Ioldiren sakean egon zen zalantzarik gabe, nafarrak zazpi puntu lortu zituen sakez, eta Alvaradok txarto pasatu zuen sakeak eramaten.
Datorren martitzenean beste finalaurrekoak
Ikuskizun politaz gozatu zuten atzo Bergarako pilotalekura gerturatutakoak eta datorren martitzenean, martxoaren 11, beste finalaurrekoen txanda izango da. Promesa mailan, bi gipuzkoar izango dira aurrez aurre, Arteaga aurrelaria eta Erasun atzelaria. Eta senior mailan, Artola eta Altunaren arteko norgehiagokak morboa jarriko du. Lau t’erdiko txapelketaren finala ordea, martxoaren 18a izango da.