Folka, countrya, bertsoa eta giro ona Kartzela Zaharrean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko mar. 3a, 08:59
Bidelapurrak bikotearen emanaldiko une bat.
Bidelapurrak eta Bertsotabern taldeek kontzertu ederra eskaini zuten egubakoitzean Bergarako gaztetxean.

Bidelapurrak eta Bertsotabern taldeek girotu zuten Bergarako Kartzela Zaharra egubakoitzean. Bidelapurrak talde hasiberria izan zen lehena agertokira igotzen; AEBetako musika estilo tradizionalak haize berriz jantzi zituzten, era akustikoan.

Banjo, gitarra, bonbo eta pandereta lagun, country eta folk doinuak eskaini zituzten: "Ikusleei gustatu zitzaiela esango nuke, emanaldiak aurrera egin ahala lortu genuen beharrezkoa den feedback-a", adierazi du taldeko partaide Ekaitz Aranberri uberarrak.

'One man band' formatua

Ohikoa ez den proposamena da Bidelapurrak; Aranberrik berak azaldu digu nondik sortu zen ideia: "One man band formatua da gurea; hau da, musikari bakarreko taldeetan oinarritzen gara. Bi kide gara taldean, baina aldi berean instrumentu bat baino gehiago jotzen dugu". Batek gitarra eta bonboa aldi berean jotzen dituen bitartean, besteak banjo-jotzaile eta abeslari lanak egiten ditu. Hori bai, inprobisaziorako apenas uzten dute tarterik: "Emanaldi bakoitza ondo entseatzen dugu", dio Aranberrik.

Mumford & Sons, The Avett Brothers eta halako beste talde garaikideen eragina aitortzen du bikoteak.

Bertsoa eta taberna giroa

Bidelapurrak bikoteak giroa berotu ostean, Bertsotabern taldearen txanda heldu zen. Irlandako doinu tradizionalak abiapuntu hartuta, bertsolaritza eta parranda tartekatu zituen talde gasteiztarrak: "Guztiok ezagutzen ditugun doinuen gainean, bertsolariek euren inprobisaziorako ahalmena erabili zuten, ikusleei gozarazteko", adierazi du proiektuan murgildu berri den Aranberrik. Emanaldi bakoitza ezberdina da, beraz.

Egubakoitzean, boskote moduan agertu ziren Kartzela Zaharrera, eta Ander Solozabal eta Jagoba Apaolaza bertsolariek lan bikaina egin zuten doinu irlandarrak eta bertsoa batuz. Gainera, Gasteiztik autobus oso bat etorri izanak giroa gau osoan zehar bero-bero egotea bermatu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak