Urtarrilean egin ziren proben ostean, Miriam Moñux biolina jotzeko aukeratua izan zen; Euskal Ikasle Gazteen Orkestran parte hartuko du, 10-14 urte bitarteko Euskal Herriko 90 gaztetxorekin batera.
Rafaella Acellaren zuzendaritzapean, Gasteiz, Donostia eta Bilbon emango dituzte kontzertuak ekainaren 26, 27 eta 28an; eta 21etik 26ra kontzentrazioa egingo dute, Orioko aterpetxean, horietarako prestatzeko.
Andoni Moñux, Euskal Herrian eta Espainian
Andoni Moñux, berriz, Euskal Ikasleen Orkestran tuba jotzaile aritzeko aukeratu dute; otsailean probak gainditu ostean, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen proiektu honetan parte hartuko du. 14 eta 18 bitarteko 70 gaztek osatuko dute aurten orkestra.
Aste Santuan Barriako aterpetxean izango dira kontzentratuta eta Gasteizko Kontserbatorioan entseatuko dute, egitaraua prestatzeko. Aurten berezia izango da, gainera, egitarau sinfoniko korala prestatuko baitute Donostiako Orfeoi Gaztearekin.
Ondoren, Gasteizko Kontserbatorioan (apirilak 22), Donostiako Kursaalen (apirilak 26), Bilboko Euskaldunan (apirilak 27), Madrilgo Teatro Monumentalen (apirilak 23, 24 eta 25; rtve-k grabatuko du) eta Zaragozako Auditoriumean (maiatzak 4) eskainiko dituzte kontzertuak, Iker Sanchezen zuzendaritzapean guztiak.