Egubakoitza
- 22:30ean, Bergarako Udal Pilotalekuan, Novedades-en azken emanaldia. Alfredo Gonzalez Chirlaquek zuzendariaren eskutik, Bergarako Udal Musika Banda eta Orkestra Sinfonikoak Novedades-en azken emanaldia aurkeztuko dute. Sarrera, 8 euro. Txartelak salgai egongo dira kultur etxean otsailaren 17tik aurrera, 19:00etatik 21:00etara. Egunean bertan, pilotalekuko leihatilan ere erosiko ahalko dira txartelak 21:30ean.
Zapatua
- 14:00etan, mozorro bazkaria, Seminarioko karpan. Sarrera, 16 euro. Txartelak salgai daude Depor eta Pol-pol tabernetan eta kultur etxean.
- 15:30ean eta 18:00etan, Udal Pilotalekuan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Bizipoza! emanaldia. Bi emanaldi egingo dituzte: 15:30ean eta 18:00etan. Sarrerak erosteko bi modu daude. Eserleku bakoitietarako sarrerak kultur etxean erosi beharko dira otsailaren 19tik aurrera, 19:00etatik 21:00etara. Lerro bikoitietarako sarrerak berriz Internet bidez erosi behar dira, www.bergara.net helbidean. Egunean bertan ere erosi ahalko dira txartelak 14:30etik aurrera.
- 18:30ean, alde zaharrean, erraldoi, kiliki eta buruhandien kalejira eta mozorro desfilea. Udal txistulari Bandaren laguntzarekin, erraldoiak, kilikiak eta buruhandiak herriko alde zaharrean ibiliko dira; eta atzetik joango da mozorro desfilea.
- 22:30ean, San Martin Agirre plazan, erromeria, Trikizio taldearekin.
Martitzena
- 16:30ean, Musika Eskolako gazteen bandako kalejira. Musika Eskolan hasi alde zaharreruntz abiatu, erdigunean ibili eta Musika Eskolan amaituko da.
- 16:30-19:00, San Martin plazan, DJ Amaia Txintxurreta. Aratusteetako martitzenean San Martin plazan izango da Amaia Txintxurreta DJa jaia girotzen, 16:30etatik 19:00etara bitartean.
Ikastetxeak gaur eta martitzenean
Aranzadi Ikastolako neska-mutikoak gaur, egubakoitza, irtengo dira, 15:20ean. Zirkuitu bat egingo dute herriko kaleetatik eta, ondoren, ikastolako jolastokian amaituko dute.
Eguraldi txarrarekin, ostera, zuzenean, 15:20ean, jolastokian dagoen karpan egingo dituzte dantzak.
Gelaka jantziko dira, eta gaia Euskal inauteriak izango da.
Mariaren Lagundia ikastetxean ere gaur ospatuko dituzte Aratusteak: ikastetxe guztia hippiez jantziko da. 15:00etan irtengo dira kaleetara eta, adin tarteka banatuta, dantza ezberdinak egingo dituzte.
Euria eginez gero, ikastetxean bertan egingo dute jaia.
San Martin ikastetxean, bestalde, martitzenean ospatuko dituzte Inauteriak. 15:10 aldera irtengo dira kalejiran eta dantzak egingo dituzte. Guztiak mozorrotuko dira, eta gaia izango da Zerutik unibertsora.