Espainiako gerra: erakusketa
Ekin Emakume Elkarteak sortutako Debagoieneko emakumeak Gerra Zibilean eta frankismoan erakusketa martxoaren 24a arte ikusgai egongo da Aroztegin: Espainiako gerra eta diktadura bizi izan zituzten emakumeak omentzeaz gain, bereziki emakumeek bizi zuten errealitatea islatzen duten argazkiak egongo dira.
Gaztetxean ere bai
Kartzela zaharrean ere ekintza ugari egingo dituzte astean zehar, Martxoaren 8arekin bat egiteko. Martxoaren 6an Emakumeok kazetarion agendan: euskal emakume adituen biltoki digitala hitzaldiarekin hasiko dute astea. Egun bat geroago, bailarako bertsolari gazteek doako saioa eskainiko dute 22:00etan.
Martxoaren 8an, 17:00etan autoestimua lantzeko tailerra egin ostean, poteo feminista izango dute. Eguna kantu-afariarekin borobilduko dute. Afarira joan nahi dutenek martxoaren 7ra arte eros dezakete txartela Pol-Pol eta Arrano tabernetan. Martxoaren 11n, aldiz, Auzoko ekimeneko emakume taldeak topaketa irekia egingo du, 17:00etan, kultura etxeko ganbaran.
Bergarako emakumea eta lana
Udaleko I. Berdintasun Planaren testuinguruan kokatzen da Lan eta lan, emakumea Bergaran liburua. XX. mendearen lehen erdian Bergarako emakumeen bizimodua nolakoa zen aztertzen duen liburua aurkeztuko dute bihar Juan Martin Elexpuru eta Idoia Etxeberria egileek. Eguerdiko hamabietan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, duela ia bi urte hasitako lanaren nondik norakoak azalduko dituzte.
Liburua egiteko orduan Ahotsak.com proiektuan jasotako testigantzak ardatz izan direnez, liburuarekin batera izen bera duen ikus-entzunezkoa ere aurkeztuko dute.