Gizonezko bat atxilotu dute Bergaran, bikotekide ohiari aizto batekin mehatxu egitea egotzita

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 24a, 14:40

Gizonezkoak 37 urte ditu, eta atzo arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak. Genero indarkeria delitu bat egitea egozten diote, ustez bikotekide ohia aizto batekin mehatxatzeagatik. Ertzaintzak igorritako prentsa oharraren arabera, gizonezkoak biktima oratu zuen eta sukaldeko aizto bat ipini zion lepo ondoan. Ondoren, emakumezkoari laguntzeko esku hartu zuten bi gizonezkori aurre egin zien.

Bergara erdialdeko etxebizitza batean izan zen gertaera, 19:30 inguruan. Ertzaintzak jasotako salaketaren arabera, etxebizitza horretan zegoen biktima –hainbat senitarteko bizi ziren bertan– bere bikotekide ohia hitz egiteko asmoz bertaratu zenean.

Salaketak jasotzen duenez, sukaldera joan ziren biak, eztabaida piztu zen bertan eta gizonezkoak emakumezkoa iraindu eta mehatxatu egin zuen, esku batekin helduz; 30 zentimetroko aizto bat ipini zion lepoan.

Ertzaintzatik helarazitako informazioaren arabera, etxebizitzan zeuden beste bi gizonezkoren esku-hartzeari esker, ustezko erasotzaileak aiztoa utzi zuen, eta euren arteko liskarra izan zen ostean. Ertzainek gertakariaren berri jaso zuten orduan eta etxebizitzara joan ziren, ustezko erasotzailea atxilo hartuz. 37 urte ditu eta genero indarkeria delitu bat egin izana egozten diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak