Manu Muniategiandikoetxea, Arcoko artista handien artean

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 20a, 16:49

Arte Garaikidearen Nazioarteko Azoka asteazken honetan hasi da Madrilen, hogeita hamahirugarrenez, "itxaropenez eta baikor". Finlandia da aurten herrialde gonbidatua, baina badira euskal artistak ere bertan: Manu Muniategiandikoetxea bergararra, tartean. Lehen eguna izan zen atzo, eta batik bat ikusmiran ibili ziren balizko erosleak.

Guztira, 23 herrialdetako 219 galeria daude Ifema erakustazokan, iaz baino gehiago, baina artista kopurua jaistearen alde egin dute antolatzaileek, bisitariek lasaiago egin dezaten bisita. Eta hogeita hamahirugarrenak badu beste berezitasun bat ere: beste edizio batzuetan argazkigintza izan bada ere nagusi, oraingoan pinturak egin du gora galerien eskaintzan.

Euskal presentzia

Beste behin, bi euskal galeria izango dira Arcon, urte onenetan baino gutxiago: Altxerri donostiarra eta Carreras Mugica bilbotarra. Lehenak Selena Asins, Ignacio Uriarte, Jose Maria Yturralde eta Dicky Rekalde artisten lanak eraman ditu. Bilbotarrek, berriz, Txomin Badiola, Eduardo Chillida, Pello Irazu, Erlea Maneros Zabala, Asier Mendizabal, Itziar Okariz, Juan Perez Agirregoikoa, Xabier Salaberria, Richard Serra eta Jessica Stockholder artistek egindakoak jarriko dituzte balizko erosleen begi-bistan.

Muniategiandikoetxea

Espacio Minimo arte galeriarekin joan da Manu Muniategiandikoetxea. Jatorriz murtziarra den galeriak Bergarakoaren eskulturak erakutsiko ditu, Liliana Porter eta Susan Collis artisten lanekin batera; Muniategiandikoetxearen obrekin osatutakoa izango da euren erakustokiko atalik "formalena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak