Bergarako areto-futbol txapelketak berritasunak ditu aurten

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko ots. 19a, 15:30

Bergarako areto-futbol txapelketaren une bat.
Ez da berria Bergarako areto-futbol txapelketa; 27 urtetako ibilbidea dauka. Hain zuzen ere, 1987an antolatu zuten aurreneko aldiz eta asmo garbia zuten sustatzaileek: futbol talde federatuetako kide ez zirenek ere kirol hori praktikatzeko aukera izan zezatela.

Lagunarteko txapelketa da, beraz, Labegaraietan urtez urte jokatzen dena. Eta nahiz eta urtero antolatu izan duten, arriskuan egon zen 2013-2014ko denboraldia. Izan ere, bazirudien ez zegoela antolakuntza erreleborik. Orduan, Minimou Taldie eta Poteo Izarrak taldeko kideek hartu zuten ardura beraien gain.

Urtez urte talde gutxiago

"Pena da, baina urtetik urtera geroz eta jende gutxiagok ematen du izena lehiaketan", dio Andoni Badiola Minimou Taldieko kideak. "1992an 42 taldek hartzen zuten parte, eta egun 10 gara bakarrik". Adin tarteari dagokionez, 19 eta 45 urte bitartekoek jokatzen dute Labegaraietan zapatu eta domeketan.  "Jende berria lehiaketara nola erakarri pentsatzen aritu gara eta 24 ordutako lehiaketa bat antolatu nahi dugu, esate baterako". 

Eta txapelketaz gainera, finantziazio bilatzeko ekimenak egin dituzte Bergarako areto-futbol txapelketako kideek: "Arrakasta handia izan zuen Futbito Gaua egin genuen gaztetxean".

Berritasunak

Lehiaketak berritasunak izango ditu: ligaz gainera kopa ere jokatuko da. "Parte hartzaileak ligan jokatu duten berdinak izango dira".

Horren gaineko informazioa aurten sortutako webgunean aurkitu daiteke. Baina bestelako edukiak ere baditu orrialdeak: jardunaldietako emaitzak kontsulta daitezke edo porra egiteko aukera ere badago. Kasu horretan, gainera, gura duten guztiek hartu dezakete parte, txapelketan ibili ala ez. Hona hemen helbidea: http://bergarakofutbitoelkartea.es.tl/.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak