Bergarako Udaleko Euskara batzordeak antolatzen du Koldo Eleizalde lehiaketa eta aurten laguntzaile du Goiena. Izan ere, telebistako elkarrizketa saila da aurtengo berritasuna eta, Goiena Komunikazio Taldearekin lankidetzan, Goiena telebistako platoan grabatuko dituzte Euskal Herriko pertsona ospetsuei egindako elkarrizketak parte hartzaile gazteek.
Idatzizko generoak eta ahozkoak eskaintzen dira. Lehenengo multzoan, ipuin idatzia eta komikia izango dira eta bigarrenean, berriz, bertsoa, kontaketa eta interpretazioa (antzerkia, ipuin-kontaketa,umorezko pasadizoa eta txiste-saioa sartzen dira hemen) eta telebista-elkarrizketa.
Telebistako elkarrizketa
Goiena telebistan bertan grabatutako elkarrizketak izango dira lehiaketan aintzat hartuko direnak. Genero hau gazteei bideratua da eta bi kategoria bereiziko dira, adinaren arabera: 1996-2000 urteen artean jaioak (biak barne) eta 1990-95 urteen artean jaioak (biak barne).
Parte hartzen dutenek, aukeratu beharko dute elkarrizketatu nahi duten pertsonaia, Euskal Herrian ezagun samarra dena. Eta proiektua aurkeztu beharko dute martxoaren 7a baino lehen: galdera sorta eta grabazio txiki bat, euren burua aurkeztuz eta elkarrizketatua aukeratzeko arrazoiak azalduz, besteak beste.
Bertsoak eta koplak
Beste genero batzuetan ere badira zenbait nobedade: bertsoen arloan, esaterako, bertso zein koplak aurkeztu ahal izango dira eta lanak bakarka aurkeztu beharra izango da, eta kontaketa eta interpretazioan lehen ere bereiz zeuden genero batzuk batu dira, nahiz eta, partaidetzaren arabera bereiz baloratu ahal izango diren.
Lanak aurkezteko epea telebistako elkarrizketa-proposamenaren kasuan martxoaren 7ra artekoa da eta gainontzeko lanen kasuan maiatzaren 7ra artekoa.
Lehiakeran oinarriak hemen.