Zortzi ikasle aukeratu dituzte Herbehereetan lan egiteko

Imanol Gallego 2014ko ots. 17a, 10:11
Martitzenean eta eguaztenean egin zituzten aukeraketa probak.
Herbehereetako enpresetan langileak erretiratzen diren heinean, eskulan kualifikatuaren beharra geroz eta handiagoa da. Horregatik etorri dira Bergarara, Fabrikazio Mekanikoko Produkzioko eta Mekatronika Industrialeko ikasle bila. "Hemen ere estimatuak diren ikasleak dira, baina Herbehereetan lan egiteko aukera oso erakargarria da", esan du Joxu Aranak, Migel Altuna Institutuko lan-poltsako arduradunak.

Institutuan aspaldi hasi ziren nazioarteko harremanak sendotzen, eta egun, Herbehereetako enpresekin ez ezik, Italiarekin eta Alemaniarekin ere lan egiteko akordioak dituzte.

Aukeraketa prozesua

Martitzenean ekin zioten hirugarren aukeraketa prozesua izan den honi. Bi egunean zehar 29 ikaslek hartu zuten parte aukeraketa prozesuan eta horietatik zortzi izan dira aukeratuak. Mekatronikako bost ikasle aukeratu dituzte eta Fabrikazio Mekanikoko Produkzioko hiru gazte.

Hasiera batean, guztiek ekainetik aurrera lan egingo zutela uste arren, enpresaren premiengatik, Produkzio Mekanikoko ikasle bat ondorengo egunetan hasiko da lanean.

Deltametaal enpresen elkarteko bitartekari Henk Van Soest-ek hauxe dio: "Aurreko urteetan izandako esperientzia ona errepikatzeko asmoarekin etorri gara. Mekanika eta Mekatronika arloetan hemen jasotzen duten jakintza oso ona da, eta Herbehereetan dugun lan premietara ezin hobeto egokitzen da".
Ikasleak ere prozesu horren guztiaren parte dira, eta asko urduri zeuden arren, Herbehereetara joateko aukera horren bila aurkeztu ziren aukeraketa prozesura. "Hau ez da curriculuma osatzeko aukera soila, hau bakoitzaren bizitza aberasteko aukera ezin hobea ere bada", esan du Jakue Bernardo ikasleak.

Aukeratuek lana lortu duten arren, datozen hilabeteetan, Herbehereetan hobeto ibili ahal izateko euren prestakuntzarekin jarraitu beharko dute.

Jarraipen zehatza

Ekainetik aurrera Herbehereetara joango diren gainontzeko zazpi ikasleak nederlandera ikastaro bat jasoko dute. "Lana ingelesez egingo duten arren, bertako hizkuntzaren zantzu batzuk izatea  erabilgarria eta aberasgarria da", diote Migel Altuna Institututik. Deltametaal enpresen elkarteko kideek aukeratutako ikasleei gertuko jarraipena egingo diete eta uda garaian berriro etorriko dira gurera.

Oraindik zehazteko dago  bigarren bisita horretan ere langile berri bila etorriko diren edo ez, baina Herbehereetan lan egiteko interesa dutenek info@trabajarenholanda.es helbidera bidal  dezakete euren curriculuma edo lan eskaera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak