"Jeltzaleen aburuz, Bildu-Aralar gobernuaren lehentasun bakarra legealdi honetan atez ateko sistema inposatzea da. Horixe bera adierazten dute 2014 urterako aurkeztu dituzten aurrekontuek: 1.610.000€ (lehengo 268 milioi pezeta) bideratuko baitira aurten hondakinen kudeaketara.
Jeltzaleen ustetan, onartezina da dirua horrela gastatu eta xahutzea, hondakinen bilketarako 5. edukiontzia erabiltzea merkeagoa, erosoagoa eta eraginkorragoa izan daitekeelako. Bilduk ez du Bergararako herri proiekturik. Ez dira ari Plan Estrategikoa lantzen eta ez dago inbertsio garrantzitsurik, atal horretan jasoak dauden diru partida gehienak mantenu gastuak direlako, hala nola, frontoiko pareta pintatzea edota haur eta gazteentzako izango den ludoteka egokitzea, eremu mugatua duena, gainera, “diru faltagatik”. Liburutegira eta udal agiritegira bideratutako partidek behera egin dute, diru hori atez atekoarentzat izateko. Museorako proiektuak ez du finantzazio nahikorik beharrezko balditzetan gauzatu ahal izateko. Herritar askok egoera zailak bizi dituzte, baina gizarte zerbitzuei dagokien diru-partidak ez du gora egin, zergek ordea bai.
Bilduk ez du politikarien gastua ez igotzeko hitza bete, izan ere udal gobernuak liberatuak dituen 4 politikarien soldatetarako diru partida handitu baitu. Bien bitartean, bergararrei zergak igo dizkiete, herritarren praktikak gero eta gehiago estutuz. IBIaren %150eko errekargua kobratzen jarraitzen dute, diru bilketa hutsa helburu, eta gainera diru hori ez zaie bergararrei itzuliko inbertsio edo zerbitzu modura.
Hori guztiagatik, argi ikusten dugu- gaineratu du bozeramaile jeltzaleak- Bildu- Aralarren helburu bakarra, legealdi honetan, atez atekoa inposatzea dela eta uste dugu aurkeztu dituzten aurrekontuak ez direla bizi dugun garaira egokitzen, horregatik aurrekontu hauek bertan behera uztea eskatzen diogu udal gobernuari".