Domeka honetan, 19:00etan hasita, Bergarako Gaztetxean Oreretako Zintzilik irrati librea izango da protagonista. Hain zuzen ere, 'Zintzilik irratia - 27 urte' ez dira ezer! dokumentala ikusteko aukera egongo da eta jarraian mahai-ingurua egingo dute.
Dokumentalak hainbat gai lantzen ditu: batetik, irratiaren historia bera ezagutzeko aukera egongo da, eta, horrez gainera, hura sortu zeneko giroa zein zen jakingo dute kartzela zaharrera bertaratzen direnek. "Oreretaren historiaren zati bat ezagutuko dute; horregatik darama dokumentalak Herri baten historia azpititulua".
Beste bi dokumental
Otsaila amaitu bitartean beste bi dokumental eskainiko dituzte gaztetxean. Izan pirata eskainiko dute otsailaren 21ean, eta, segidan, jai ereduen gaineko mahai-ingurua egingo dute; eta hilaren 23an, ostera, Hala Bedi 30 urte lana aurkeztuko dute, eta tertulia egingo dute ondoren.