Hori horrela, 37.024,87 euro banatu ditu diru laguntzetan Udalak: Bubisher, Ams Mundu Solidarioa, Amsogra, Serso San Viator, Oscar Romero, Ndank Ndank eta Komite Internazionalistak elkarteen artean banatu da diru hori.
Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Jabier Bengoak aditzera eman duenez, Udalaren filosofia Bergaran zein ibarrean errotuta dauden gobernuz kanpoko erakundeei laguntza ematea da: "Eta gainera, herrigintza bultzatu gura da eta kooperazio mailan ere ekarpena egin".
Laguntzarik jaso ez dutenak
Dirulaguntzak jaso dituztenez gain, badira baldintzak bete ez eta deialditik kanpo geratu diren GKEak ere, Gizarte Zerbitzuetako Mariaje Unamunok aditzera eman duenez. "Normalean, aurkezten diren talde guztiei eman dizkiegu laguntzak; noski, ez dute dirurik jasoko bergararrak edo gure ibarrekoak ez direnek. Epez kanpo aurkeztutakoak ere egon dira".
Bestalde, oraingoan ez dute sentsibilizaziorako diru laguntza eskaerarik jaso, eta, ondorioz, hutsik geratu da arlo hori.
Irizpide berberak
Aurrerantzean Udalak irizpide berak izango ditu laguntza horiek emateko orduan. "Eta aurrekontua oraindik onartu ez den arren, GKEei bideratutako oraingo kopuru bera mantentzea aurreikusten dugu".