Aratusteak gero eta gertuago daude eta koadrilak dagoeneko hasi dira mozorroak prestatzen. Bada, erraztasunak emate aldera, Udalak lokal bat jarri du herriko koadrilen eskura, karroza eta mozorroak bertan presta ditzaten. Tavex lantegia zenean dago eta erabili nahi duten koadrila guztiek izango dute erabiltzeko aukera, inolako alokairurik ordaindu barik. "Halako prestakizunetarako leku arazoak izaten dituzte koadrilak sarri", esan du Leire Iruin Kultura zinegotziak. Eta horri irtenbidea eman nahi izan diote Taxenen lokal bat egokituta. Zentzu horretan, Iruinek eskerrak eman nahi izan dizkie Tavexeko ordekariei lekua lagatzeagatik.
Lokalaren ordutegia hauxe izango da: astelehenetik egubakoitzera, 16:00etatik 21:00etara; eta zapatu eta domeketan, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 21:00etara. Interesatuek kultura etxera deitu beharko dute eta koadrilako ordezkari baten izena eman.
Afaria beharrean, bazkaria
Leire Iruin Kultura zinegotziari aurtengo Aratusteetako bestelako berrikuntzen gainean galdetuta, Aratuste-zapatua indartu nahi dutela azaldu du "bereziki eguneko giroa". Horretarako, "afaria beharrean bazkaria antolatuko dugu aurten", aurreratu du. Xehetasun gehiago, dena den, datozen egunetan emango dituztela ere gehitu du.
Ikuskizunetarako sarrerak aurrez salgai
Aratusteetako kontzerturako eta Pirritx eta Porrotxek Aratuste-zapatuan egingo duten emanaldirako sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai.
Kontzertuari dagokionez, pilotalekuko aulkien lerro bikoitietarako sarrerak www.bergara.net helbidean jarriko dira salgai otsailaren 17an. Lerro bakoitietarako sarrerak, berriz, kultura etxean salduko dira, otsailaren 17tik aurrera, 19:00etatik 21:00etara. Interneteko salmentak ez dio kultura etxeko salmentari eragingo. Kontzertu egunean 21:30ean irekiko dute leihatila. Dena den, aldez aurretik sarrera guztiak salduz gero, emanaldi egunean ez da leihatilarik irekiko.
Pailazoen bi emanaldietarako, pilotalekuko aulkien lerro bikoitietarako sarrerak www.bergara.net helbidean salduko dira otsailaren 19 goizean hasita. Lerro bakoitietarakoak kultura etxean salduko dituzte hilaren 19an hasita, 19:00etatik 21:00ak arte. Interneteko salmentak ez dio kultura etxeko salmentari eragingo. Emanaldi egunean 14:30ean zabalduko da leihatila bi saioetarako –aurrez guztiak salduz gero, ez da irekiko.