Pozik? Espero zenuen irabaztea?
Oso pozik, bai. Ez nuen espero irabaztea, amodiozko gutunen lehiaketa baita eta nirea, maitasunaz berba egiten duen arren, ez da bete-betean amodiozko gutun tipiko bat eta horregatik sorpresa handiagoa izan da.
Eta zer diote gertukoek?
Gertukoendako ere sorpresa izan da, ez nion inori esan-eta lehiaketara aurkezteko asmorik nuenik; eta gaia ere ezustekoa izan da eurentzat.
Zeintzuk dira protagonistak eta zer da, finean, kontatu duzuna?
Ama bat eta haren alaba dira protagonistak. Alzheimerra edo dementzia bat diagnostikatu diote amari eta neurologoaren kontsultatik irtendakoan haren zaintzailea izango den alabari idazten dio eskutitza. Eskutitz horretan kontatzen dio, batetik, familia horretan lehenago ere zaintzaileak izan direla, amonaren zaintzaileak, hain zuzen ere; eta orduan kontatzen dio neurri baten badakiela zaintza prozesu horren barruan zer gertatuko den eta gertatzen den hori guztia gaixotasunaren ondorio izango dela; baina hala ere, bere ama izaten jarraituko duela, sarritan amak alaba ezagutuko ez duen arren. Txikitako oroitzapen positiboak kontatzen dizkio eta horiek gogoan izateko eskatu. Nire ustez, garrantzitsuena indarra emateko eskutitza dela da; eta horregatik esaten dio amak alabari, behar duen guztietan eskura izango duela eskutitza, sarritan galtzen den indar hori berreskuratzeko. Pilak kargatzeko tresna lagungarri bat da nolabait eman nahi diona.
Protagonista horiek badaukate izenik?
Ez, ez daukate izenik. Egia dena da guztiak emakumeak direla; gaur egun ere, zaintzailearen papera, gehienetan, emakumeei dagokien erakusle.
Zure ogibidearekin lotura zuzena dauka aukeratutako gaiak.
Psikologoa eta gerontologoa naiz eta zaintzaileekin egin dut azkenaldian lana; horiek bizi dituzten egoeren gainean idatzi gura nuen aspaldi, nire ofizioa eta idazteko afizioa lotuz horrela. Ipuin bat idazteko asmoa nuen eta hor eskutitz bat sartu gura nuen. Ez dakit ipuinarekin jarraituko dudan, baina hortxe dago jada eskutitza. Lehiaketara bidaltzea pentsatu nuen gero, eta begiratu, irabazi! Beraz, idatziaren zati horrekin, oso-oso pozik.
Beraz, eskutitza idatzi ondoren izan zenuen lehiaketaren berri?
Lehiaketa aurrez ezagutzen nuen, gutun batzuk irakurrita nituen. Iaz Bergarako Idazle Eskolan hasi nintzen eta han eskutitz bat idazteko ariketa proposatu zigutenean, nik lotu nuen ariketa hori eta aurrez buruan nituen ideia batzuk eta aurten gutuna bidaltzera animatu nintzen.
Gutun omenaldia dela diozu.
Zaintzaileei eskainitakoa da batetik, baina baita gaiarekin identifikatzen direnentzako ere.
Garapen ona eta ondo idatzitako gutun "borobila, intimoa eta perfektua" dela dio epaimahaiak.
Perfektuarena gehiegitxo deritzot; baina, egia esan, poztasun handia eta idazten jarraitzeko indarra ematen didate kritika horiek.
Gutunik idazteko ohiturarik?
Gaur egun, apenas, beste bide batzuk daudelako; pena da, baina, jasotzea oso gustuko dut-eta.
Sariarekin zer egingo duzu?
Ospakizunen bat egingo dut; hala ere, bada dirua baino sari handiagoa: zaintzaileen gaia gizarteratzeko aitzakia eman duela.