Denetariko ekintzekin disfrutatzeko hilabetea

Ane Miren Etxeberria 2014ko ots. 10a, 13:15
Iazko artzain azokako une bat
Nahiz eta otsaila hasita egon eta ekintza ugariz disfrutatzeko aukera izan den, oraindik ere badago zer egin herrian. Izan ere, otsaileko kultura gida ekitaldiz beteta dator.

Antzerkia gustuko dutenek  asteburuan hainbat saiorekin gozatzeko aukera izan dute; izan ere, Glu Glu antzerki taldearen Vamos a contar mentiras antzerkia izan zen egubakoitzean, eta zapatuan, aldiz, Sutondoan antzerkia izan zen ikusgai Zabalotegin. Bada, kontu horiek pasata, hil honetan beste antzerki saio bat izango da; 23an izango da, eta, Teatro Paraiso antzerki taldearen eskutik, 7 eta 14 urte arteko haurrentzako Erpurutxo antzezlana izango da ikusgai, hura ere Zabalotegin, arratsaldeko seietan. Sarrera 4 euro da.

Ipuin kontaketak

Ipuin kontaketa saioek ere badute lekutxo bat egitarauan. Hain zuzen, otsailaren 25ean Zer daramagu emakumeak poltsan izenburuarekin Ines Bengoaren ipuin kontaketa saioa izango da Aroztegi aretoan, helduendako, 19:00etan. Sarrera debalde da. Handik hiru egunera, hau da, 28an, Karabi karaba haurrentzako ipuin kontaketa saioa eskainiko du Ines Bengoak berak.

Musika gustuko dutenek otsailaren 16an hitzordua dute Keu Agirretxea eta Fignuh Experience eta Naica taldeekin. Zabalotegin izango da, 19:00etan. Astebetera, hau da, 22an, DJ jaialdia izango da leku berean, eta hileko azken egunean, Udal Musika Bandaren Inauterietako kontzertua izango da Pilotalekuan. Sarrera 8 euro da.

Zinekluba Zabalotegin

Zineklubean, berriz, hiru pelikula izango dira ikusgai: otsailaren 12an, Amor bajo el espino blanco filma izango da ikusgai; astebetera, hau da, 19an, Un lugar donde refugiarse amodiozko filma izango da; eta hilabetea amaitzeko, Nire sexualitatea sorkuntza bat da dokumentala ikusteko aukera egongo da. Guztiak 20:00etan izango dira.

Bestelako hitzorduak

Bestelako hitzorduak ere izango dira hilabete honetan. Besteak beste, Jardun Euskara Elkarteak urtero antolatzen duen Amodiozko Gutunen Lehiaketako sari banaketa izango da Kultura etxean. San Valentin egunean izango da, 19:00etan, eta bertan, aurten jaso diren gutunak irakurriko dituzte.

Otsailaren 22an egun bitxia izango da: Artzain Eguna, zehazki. Debagoieneko iazko Artzain Eguna Oñatin izan zen eta aurten Bergaran izango da. Egun hori Debagoieneko Mankomunitateak antolatutako Jardunaldi Gastronomikoen barruan dago. Hala, egun horretan, artzain produktuen azokan zer erosi eta ikusi egongo da egun osoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak