Astean Ceutan hil ziren 13 pertsonak gogoratuz hasi zuten jaialdia. "Azken urtebetean Mbayren familiari laguntzeko hilero egiten dugun diru bidalketaren berri eman genuen gero eta ondoren, senegaldarren musika tradizionalaz gozatzeko aukera izan genuen bertaratu ginen hirurogeiren bat lagunek" azaldu du Egoitz Unamunok, Soraluzeko elkartasun batzordeko kideak.
Kontzertua eta afaria
Eneko Larrañaga zestoarrak zuzentzen duen Enekora taldeak Kora Izpiak izeneko diskoan jasotako hamarren bat kantu jo zituen, Afrika eta Hego Ameriketako irudien proiekzioekin ilustratuta. Ordubete inguruko kontzertu hunkigarria izan zen, besteak beste, arparen estilokoa den kora instrumentu afrikar tradizionalaren doinuekin.
Emanaldiaren ondoren, antzokian bertan, arroza eta oilaskoa osagai dituen Yassa jaki senegaldarra janez eman zioten amaiera afrikarrak eta euskaldunak elkartu zituen jaialdiari.