-Pentsa liteke Katalunian egun bizi dena azkenaldiko gertaerengatik edo egoeragatik dela, baina –mahai-inguruaren izenburua aintzat hartuta– bada oinarri historiko bat ere, ala?
1714ko irailaren 11n tropa espainolek Bartzelona azkenean menderatu eta suntsitu zuten, gerra luze eta mingarri baten ostean. Felipe V.ak Aragoiko Koroetako erakunde guztiak baliogabetu zituen, eta ordutik aurrera Kataluniari buruzko erabakiak Espainian hartu ohi dira. Kolpe handia izan zen hori katalanentzat, eta gaur egun irailak 11 gogoratu egiten da oraindik. Gure egun nazionala da.
Gaur egun gertatzen dena prozesu baten emaitza da, eta 300 urte hauetan saiakera asko egon dira Kataluniako arazoa konpontzeko, Katalunia barruan ere bai. Bereziki, azken 150 urteotan kataluniarrak saiatu dira Espainian pisua irabazten edo autonomia gehiago lortzen, akordioetara heltzen... Baina arazoa hor mantendu da: espoliazio ekonomikoa, mespretxu ofiziala, agresio kulturala… Eta hori diktadura, errepublika, monarkia edo demokrazia edukita. Gaur egun, kataluniarren gehiengoak pentsatzen du dagoeneko ez dagoela modurik Espainian enkaje bat edukitzeko eta independentzia dela bide bakarra euren seme-alabek etorkizun bat edukitzeko.
-Kontsulta egitea eta bertan herritarrek esaten dutena errespetatua izatea ez den beste aukerarik kontenplatzen du ANCk?
Bai, noski; oso argi daukagu kontsulta eginda ere negoziaketa bat egon beharko dela Espainiarekin. Orain Masek martxan ipini duena ez da kontsulta loteslea. Helburua da jakitea kataluniarrek independentzia nahi duten ala ez. Puntu hori argituta Espainiarekin hitz egin beharko litzateke, pausoak aurrera emateko, iritzi hori kontuan hartuta. Espainiak ez badu hitz egin nahi eta herriak Generalitateari argi uzten badio prozesu honetan aurrera egin nahi duela, alternatiba bezala aldebakarreko independentzia adierazpena geratuko litzateke.
-Jarrera berean ikusten dituzu kontsulta bultzatzen duten alde denak?
Lehen aldiz, gai honetan alderdi asko nahiko ados daude. Kontsulta lege barruan egiteko bidea Gobernu espainolak baimena ematea edo kontsultak egiteko eskumena Generalitateari eskualdatzea izango litzateke. Hori lortuko ez balitz, hauteskunde plebiszitarioak egin beharko lirateke. Eta hor, legalki, Espainiak ezin du gauza handirik kontra egin. Puntu horretara arte, kontsulta bultzatzen dutenak ados daude. Horren ostean zer egin beharko litzatekeen? Aldebakarreko independentzia adierazpena? Bide konstituzionalak jarraituta lanean segi? Besterik? Hor ez dago hain argi adostasun bat egongo litzatekeenik. ANCren ideia da herriak Kataluniako politikariei bidea markatzea. Azken bi urte hauetan funtzionatu du, eta espero dugu etorkizunean ere funtzionatzea.
-Espainiako Gobernuarekin gai honetan adostasunik lortzea zaila ematen du: batzuendako eta besteendako, zeharkatu ezinezko marrak antagonikoak direla dirudi.
Espainiako Gobernuak aukera handia dauka erakusteko estatu demokratiko bezala funtzionatzen duela, eta bere herritarren zati handi baten borondatea entzuteko. Argi dago zaila izango dela. Lider espainolek ez dute nahi Espainian botorik galtzea, eta badakite prozesu honen kontra egoteak toki askotan botoak ematen dizkiela. Baina errealitatea joango da bere lana egiten. Kataluniarrek kontsulta baten edo hauteskunde plebiszitario batzuetan argi lagatzen badute ez dutela nahi espainolak izatea, zerbait egin beharko da. Generalitateak aldebakarreko independentziako adierazpena egiten badu, gobernu espainolak hitz egin beharko du. Herriak Kataluniako politikariak bultzatzeak fruituak eman ditu eta emango ditu.
-Euskal Kontzertua moduko formula batekin: duela hilabete edo urte batzuk posible zen Katalunia eta Espainiaren arteko bizikidetza Espainia barruan? Eta antzerako akordio batekin posible litzateke orain?
Hori dagoeneko ez da posible. Espoliazio ekonomikoa arrazoi bat da, baina ez da bakarra. Muga asko gainditu dira. 2010ean gertatu zena Estatutu berriarekin bidegabekeria guztien laburpena da. Nik uste dut orduan konturatu ginela benetan kataluniarrak ze gutxi hartzen gaituzten kontuan. Hizkuntzaren kontrako erasoek ere min handia egin dute. Katalunian ez dago inongo arazorik hizkuntzarekin eta murgiltze sistema arrakasta handia izan da. Wert ministroaren azken lanen ostean ere, jende askok ikusi du ez dela posible Espainia honetan gure identitate propioa mantentzea bukaezineko eraso kulturalak jaso barik.
-Ze lan eta ze ibilbide egin du ANCk urte hauetan? Azken bi urteotako egoerara iristeko lan handia dago atzean? Nolakoa?
ANC baino lehenago herritarren mobilizazio prozesu luze bat dago. Alderdi politiko berriak, plataformak, elkarteak... 2009 eta 2011 artean kontsultak egin ziren Kataluniako hainbat herritan eta herritarrek koordinatuta. 2012ko martxoaren 10ean hauetako asko bateratu egin ziren, eta Assemblea Nacional Catalana sortu. ANCren helburua da bide baketsuen bitartez Kataluniako independentzia lortzea, motz esanda. Hori lortzeko, askotariko mobilizazioak prestatu dira. Garrantzitsuena iazko katea izan zen, baina mahai-inguruak, informazioa banatzea, kontaktu selektiboak maila guztietan egitea... ere izan dira. Gaur egun, 500 plataforma dira, hauetatik hogei Kataluniatik kanpo; bakoitzak koordinatzaileak eta kideak ditu. Independentzia prozesuari ikusgaitasuna ematea bilatzen dute ekintza guztiek, eta jendea honi buruz informatzea. Eta emaitza da politikari kataluniarrek presio handia daukatela egunero gainean, eta presio horri erantzuna eman behar diote.
-Zeintzuk dira gakoak erabakitzeko eskubidea praktikara eraman nahia hain hedatua izan dadin Katalunian, eta ez bakarrik historikoki independentistak izan diren sektoreetan? Ze lan egin du ANCk hori horrela izan dadin?
ANCk borondateak bateratu ditu, besterik ez. ANC mugimendu jendetsua bihurtu da oso denbora gutxian, eta horrek laguntzen du kide guztien mugimenduak koordinatzeko. Horrela, ekintza erraldoiak gauzatu daitezke, baina gakoak Kataluniako gizartean zeuden lehenagotik. Laburrean, esan daiteke Katalunian bizi den jendeak –nazionalista ala ez, katalan hiztuna ala ez, edo Katalunian jaioa ala ez– argi ikusten duela, gauzak gaur egun dauden moduan, ez daukagula etorkizunik gizarte gisa.
-Eta hau guztia Kataluniako lau probintzietan. Eta Herrialde Katalanei eta lurraldetasunari buruz, zer?
Herrialde Katalanen kontzeptua hizkuntzarekin eta kulturarekin dago lotuta, batez ere. Esanahi politikoa ere badauka, noski, baina kontzeptu hori nazio ideiarekin lotzeak zaildu egiten ditu gauzak zentzu askotan. Hasteko, esan behar da, Valentzian, Balearretan eta beste toki batzuetan badagoela jendea katalanez hitz egiten duena eta kataluniar sentitzen dena; baina beste asko eta asko, nahiz eta hizkuntza bera konpartitu, ez dira inolaz ere horrela sentitzen edo, behintzat, gai hau eurentzat problematikoa da. Bestalde, Andorra, adibidez, Herrialde Katalanen kontzeptuko zati da, baina Andorra estatu independentea da dagoeneko, eta NBEn dago, eta ziurrenik ez dauka, gaur egun, bere estatusa aldatzeko interesik. Herrialde Katalanen independentzia helburu bezala ipintzeak, berez, oinarrizko arazo kontzeptual bat lekarke; eta, bestalde, helburua zailduko luke izugarri. ANCk Kataluniako independentzia du helburu, eta Herrialde Katalanetako beste herriei laguntza emateko prest noski legokeela, baina lurralde bakoitzak bere prozesu propioa jarraitu behar du. Bestela, honek ez zukeen funtzionatuko edo oso epe luzean bakarrik funtzionatzeko aukera izango zukeen.
-Zer izango da eguazteneko saioa? Zer azalduko duzue?
Eguaztenean nahi duguna da jendeari argi esplikatzea gaur egungo Kataluniako mugimendua nola eta zergatik sortu den. Eta nahi dugu topiko batzuk desmuntatzea eta, horrekin batera, argi lagatzea benetan posible dela Katalunia independente bat existitzea.