Itzalak baliatuz euskal mitologiako istorioak

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko ots. 8a, 10:30

'Sutondoan' laneko une bat.
'Sutondoan' lana ekarriko du A-Teatral taldeak Bergarara bihar. Haurrei zuzenduta egon arren, helduek ere disfrutatuko dute itzalen bidez kontatutako istorioekin.

Domeka honetan, otsailak 9, Bilboko A-Teatral taldeak haurrentzako ikuskizun berezia eskainiko du Zabalotegin, 17:00etan hasita. Hain zuzen ere, 3 eta 9 urte bitarteko gaztetxoentzako Sutondoan deitutako antzezlana taularatuko dute antzerki taldeko kideek eta sarrera 4 euro ordaindu beharko da.

Itzalak, musika, kolorea...

Euskal mitologia oinarri duen antzezlana da Sutondoan. Baina ohiko bideak baliatu barik, modu berezian eszenaratutako lana ere bada talde bizkaitarrak dakarren proposamena. Izan ere, itzalak eta koloreak dira protagonista, baita txotxongiloak, hezur eta haragizko aktoreak eta musika ere. Alor ugari batzen dituen ikuskizuna da, beraz.

Antzezlanean amona bat agertuko da, ipuin bat kontatzen. Eta kontakizunean zehar agertzen doazen pertsonaiak itzalen bidez azalduko dira ikus-entzuleen aurrean: erraldoiak daude, baita sorginak, galtzagorriak edo lamiak ere.

Familia osoari zuzenduta

Haurrentzako emanaldia izaterakoan, A-Teatral taldeko kideek ikuskizun bizia dela diote. Baina gainera, helduei begira sortutako lana ere bada, haien esanetan.

Aktoreei dagokienez, berriz, hiru lagun igoko dira domekan Zabalotegiko oholtzara: Maria Ramirez, Maria Guimarey eta Iñaki Mayor; azken hori, arrasatearra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak