Kontzertua hasi aurretik, jende ilara luzea zegoen pilotalekuaren aurrean. Bergaran musika emanaldi guztiek oso harrera ona izan ohi dute, baina zapatukoa berezia zen. Bergarako Orfeoiak gospel kontzertu bat antolatu zuen, eta jendeak Udal Pilotalekua bete zuen. Aurkezleak adierazi moduan, musika erlijiosoa izan arren, hura ez zen eliza bat, une askotan musika onak girotutako festa zirudien.
Bertaratutakoak berotzeko, indartsu hasi zen Orfeoia, The storm is pasing over abestiak txalo ugari jaso zituen. Kanpoan botatzen ari zen euria gelditzea lortu ez zuen arren, jendearen erritmoa piztu zuen. Kantariek gainera zailtasun estra bat izan zuten, abesteaz gain, dantza ere egin behar izan zuten-eta.
Gazteak ere bai
Orfeoiak harrobi ona duela erakutsi zuten gazteek. Tunikaren beharrik gabe, bost abesti eskaini zituen Orfeoi Gazteak, tartean This little light of mine kanta ezaguna. Dantza egietarako orduan nagusiek baino erritmo gehiago erakutsi zuten gazteek, eta hauek ere, txalo zaparrada ederra jaso zuten.
Kontzertuaren hirugarren zatian, abeslariek, emanaldi honetarako sortutako ganbera-orkestraren laguntza izan zuten. Feel the spirit abesti sortak entzuleen erritmoa piztu zuen, eta zenbat abestitan, ikusleek txalo bidez jarraitu zuten emanaldiaren erritmoa. Jendearen txalo artean When The saint go marching in kantuarekin agurtu ziren.