Bergarako Udala "etengabe lanean", zuhaitzek herritarrei arrisku egoerak eragitea saihesteko

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 27a, 15:34
Bideberrin atzo goizean ateratako irudia.
Prentsa oharra bidali du Bergarako Udalak, atzo –domeka– Bideberrin zuhaitz bat erori izanaren harira. Bertan dio Udaleko Lorezaintza zerbitzuak "etengabe lanean" diharduela, hiriguneko "zuhaitzen osasuna monitorizatzeko, zuhaitzak noiz berritu detektatzeko eta herritarren segurtasuna bermatzeko". Udalaren arabera, atzo eroritako zuhaitza egoera fitosanitario kaskarrean zegoen eta Udalak ordezkatzea aurreikusita zeukan, baina eguraldiaren egoerak atzeratu egin ditu lanak.

"Kaleko eta berdeguneetako zuhaitzek –zuhaitz helduek bereziki- funtzio oso garrantzitsuak betetzen dituzte herrian: gure herria atseginago egiten dute eta gure ongizate maila zein ingurumen baldintzak (kutsadura murriztu, kontraste termikoak apaldu, biodibertsitatea eutsi) hobetzen dituzte. Baina egia da baita zuhaitzek, helduak direnean edota estres baldintza gogorretan hazten direnean, arazo estrukturalak eta gaixotasunak izan ditzaketela, eta herritarrentzat egoera arriskutsuak sortzeraino degradatu daitezkeela", diote Bergarako Udaletik.

Hori horrela eta arriskuak saihesteko –hau da, gestio orekatua egiteko-, Udalaren Lorezaintza zerbitzuak kaleko eta berdeguneetako zuhaitzen egoera ezagutzeko monitorizazio lanak etengabe egiten dituela jakinarazi du: "Horien helburua da gaixotasunak eta arazo estrukturalak dituzten zuhaitzak antzematea eta ahalik eta azkarren, tratamenduak ezartzea, zuzenketa neurriak hartzea, edo horiek ezinezkoak badira, zuhaitza ordezkatzea".

Arrazoi horiek direla-eta, datozen egunetan lau zuhaitz ordezkatuko ditu Udalak: Untzeta jauregiaren lorategian (Arrizuriagan) ezki bat, eta Bideberrin hiru Indigaztain. Izan ere, "egindako azterketek erakutsi dute zuhaitz hauek ordezkatzeko unea iritsi dela". Hori horrela, zuhaitzak moztu egingo dira, eta espezie bereko ale gazteak landatuko dira leku berean.

Bideberrin eroritako zuhaitza

Udaltzaingotik emandako azalpenen arabera, azken egunetako euri eta haize boladek eraginda erori zen zuhaitza Bideberrin. Udaltzaingoak bidean traban zeuden adarrak eta zatiak moztu eta kendu zituen eta, brigada zerbitzukoak arduratu dira gaur zuhaitz osoa kentzeaz.

Haizeak edo euriak bota duen ezin ei da jakin, Udaltzaingotik azaltzen dutenez, baina eragozpenaz gain, bestelako kalterik ez zuen erakin erorketak. Antza, sustrai gutxi zeuzkan zuhaitzak eta horrek eragin zuen erorketa, ziurrenik, eguraldiaren eraginez.

Egoera eskasean

Bideberriko kasuan, duela bi hamarkada egindako inausketa agresibo baten ondorioz, leku horretako ezaugarri nagusia diren indigaztainek (Aesculus hippocastanum) hainbat arazo dituztela jakinarazi dute Udaletik: "Azken urteotan jada zuhaitz bat ordezkatu behar izan da eta beste bat kendu (aurten landatzeko zain dago). Gainera, aurtengo neguan beste hiru zuhaitz botatzeko eta landatzeko lanak aurreikusten ziren beraien egoera fitosanitario eskasagatik".

Azken horietako bat erori zen, hain zuzen, atzo; azken asteotan izandako eguraldiak (haizeak eta euriak) lanak atzeratu ditu, baina urte hasieran egin behar ziren lanak aste honetan egingo dira.

Horrez gain eta azken urteetan Bideberriko zuhaitz horien bilakaera zein izan den ikusita, Udal Lorezaintza zerbitzuak zuhaitzon azterketa berezi bat ere egingo du makina erresistografoak erabilita.

Aurrez Usondon, Errotalden, Untzetan eta Errekalden ere egin izan ditu Udalak horrelako azterketak zuhaitz helduen egoera ezagutzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak