San Paulo jaietan guztiz murgilduta egon dira Bergarako Ubera auzoan asteburu guztian zehar. Jaietan, Uberan txapelketak eta lehiaketak dira protagonista eta bereziak bi: ugaraxo tiraketa eta gozogintzakoa. Izen bereziak, berriz, beste hauek: Mari Justa eta Pedro Joxe. Uberako ikurrak dira eta bi pertsonaien jaitsierarekin hasi zituzten jaiak barikuan bertan, eta pilotalekuan izan dituzte, ohorezko lekuan, asteburu guztian zehar.
Parte-hartzearekin pozik
Zapatukoa izan zen egun handia, San Paulo eguna, hain zuzen. "Meza, salda eta txistor" legea eginda, tortilla eta tarta lehiaketak egin zituzten, biak ala biak auzotarren oso gustukoak, kontatzen dutenez. Dozena bat parte-hartzaile egon ziren batean zein bestean, gutxi gorabehera. Tartarik onena Mari Jose Zeziagarena izan zen eta tortillarik onena Jesus Elortzarena. "Primeran eta giro bikainean" joan da, haren hitzetan, jai-asteburua. Domekako izarra, ostera, ugaraxo tiraketa lehiaketa izan zen, eta 40 bat lagunek jokatu zuten. Auzoan, aurten ere, pozik daude, parte-hartzea eta giroa bilatzen baitute, bai auzotarrentzat zein bisitarientzat, eta aurten berriz ere "elegante" ibili direla diote.