Erabiltzaileek jarraitu beharreko zenbait baldintza ipini dituzte, gainera: harreran nortasun agiria erakutsi beharko da, materiala hartu eta erabili ostean, dena gordeta utziz.
Eskaerei erantzunez
Bizikleta gunea deitu dutenaren jatorriaz egin du berba Unai Asurmendi Agorrosineko gerenteak: "Bazegoen kiroldegiko erabiltzaileen aldetik bizikletentzako txoko bat ipintzeko eskaria. Eta gainera, uraren birziklapen plan bat daukagu kiroldegian martxan eta ekimen horren baitan kokatu dugu".
Hain zuzen ere, igerilekuko ur soberakina berrerabili egiten dute Agorrosinen: "Kanpora begira gune berri hau da gehien nabarmentzen dena. Baina beste hainbat gauzetarako ere erabiltzen dugu. Besteak beste, komuneko ponpak ur horrekin dabiltza, Agorrosineko garbiketa ere berrerabilitakoaz egiten da, eta futbol zelaia ere ureztatzen dugu. Ez da edateko ura, beraz, kontuz!".
Baina gainera, etorkizunerako ere badituzte bestelako asmoak ere, Asurmendik aditzera eman duenez: "Esate baterako, udaleko brigadaren kamioi handia ur honekin bete gurako genuke".
Bizikletak soilik
Zerbitzu berria soilik bizikletentzako dagoela erabilgarri eman dute aditzera Agorrosinetik. "Printzipioz ibilgailu motorizatuek debekatuta daukate bere erabilera. Jendeak galdetu digu ea gurpildun aulkien gurpilak puzterik ote dagoen". Asurmendik esan duenez, oraindik ez dute erabaki zer egin. Honako mezua ere zabaldu du: "Aitzakia bat gutxiago izan dezatela herritarrek bizikleta ez erabiltzeko!"