"Jaialdira nazioarteko DJa ekartzeak jendeari atentzioa eman dio eta horrek jende gehiago erakarri du, zalantza barik", azaldu du David MK New Guasseko DJak. Hain zuzen ere, zazpi bat autobus bertaratu ziren Bergararaino teknoaz gozatzeko; inguruetatik bai, baina baita Burgos aldetik ere, esate baterako.
Izan ere, Varelaren izena ez da nolanahikoa –mundu mailan aritzen da, Tokion, Londres zein Ibizan, esaterako– eta aretoarekin duen harremana ez da berria: "2009an ere egon zen eta esan genezake New Guass aretoaren ibilbidean betetze handiena berak lortu zuela irekiera urte hartan". Ordu eta erdiko saioa eskaini zuen Varelak, eta New Guasseko dantzalekuan bildutakoek ez zioten dantza eta salto egiteari utzi.
Uto Karem, Cuartero...
Halere, nazioartean aski ezaguna den DJaz gain, bestelako musika jartzaileak ere aritu ziren zapatuan. Uto Karem italiarrak ere bere jarraitzeak zain zituen, gorputza mugitzeko prest. Eta baita Malagako Cuarterok ere. "Gorantz doan DJa da, aurretik etorkizun oparoa daukana". David MK berak ere Diego Gonazelezekin batera tekno saioa eskaini zuen.
"Urteko lehenengo saioa izanda oso pozik gaude eman duenarekin. Urtarrileko festek horrelako arrakasta edukitzea ez da erraza izaten. Horrexegatik egin genuen apustu izen handiko DJengatik, eta ongi atera zaigu".