Lehen itzuli txarra egin eta gero, Zestoak azken partiduetan asko hobetu duela erakutsi du. Azken jardunaldian, adibidez, liderraren aurka partidu ezin hobea egin eta gero, hiru puntuak eskuratzea lortu zuten.
Argi dago ez dela lehia erraza izango, bi taldeak goiko postuetara iristeko beharrezkoa dituzten hiru puntuak eskuratzera irtengo dira-eta.
Lehen itzuliko partiduan ikusi zen moduan, bi taldeek azken minutura arte borrokatzera irtengo dira. Etxekoek partidu bakarra bakarra galdu dute Mojategin, eta lesioek taldea indargabetu egin duten arren, puntuak etxean uzteko asmoarekin irtengo dira zelaira.
Baja eta lesio ugari
Partidua ez da erronka erraza izango. Etxekoek Zestoak baino hiru puntu gehiago izan arren, baja ugarirekin hasi dute txapelketako bigarren itzulia. Guztira, bederatzi jokalari daude min hartuta, eta, ondorioz, taldea ez da %100ean egongo. Hala ere, zuri-moreak ez dira zelaira amore ematera irtengo, eta hiru puntuak etxean gera daitezen gogotik ahaleginduko dira. Horretarako, beste kategoria batzuetako jokalarien laguntza izango dute.
Partidua domekan
Ohitura apurtuz, aste honetan etxean jokatuko duten partidua ez da zapatuan izango. Talde zuri-morea domekan, 16:30ean, lehiatuko da. Goiko postuetara iristeko premiazko puntuak dituzte hauek, eta, horretarako, zaleen laguntza ezinbestekoa da.
Horregatik, Mojategiko harmailaren berotasuna sumatzea ezinbestekotzat jotzen dute. Taldekide batenhitzetan: "Zelaian 11 jokalari egongo gara, baina harmailetako jendea taldearen 12. jokalari bilakatzea beharrezkoa dugu".