Urte asko dira Bergarako Udalak administrazioan euskararen erabilera indartzeko bideari ekin ziola. Une honetan, Udal barruko idatzizko jarduna neurri handian euskaraz bideratzen da eta aurrera begira kanpoko harremanak euskalduntzen jarri nahi dituzte nagusiki euren indarrak.
Helburu hori lortzeko behar beharrezkoa da Udalarekin harremana duten entitateek ere euskaraz egitea, eta horretara animatzeko asmoz, euskara ikastaro labur bat antolatu du Udalak.
Bost orduko ikastaroa antolatu dute, bost egunetan banatuta otsailean. Dena den, interesa agertzen dutenen aukerak kontuan hartuta osatuko dira taldeak, gutxienez 5 lagunekoak.
Ikastaroa dohain da
Ikastaroko oinarrizko edukiak hauek izango dira: batetik, euskaraz idazten laguntzeko Interneten dauden baliabideen berri eta erabiltzeko oinarrizko azalpenak emango dute, hala nola, hiztegiak zela kontsultatu, zuzentzaile ortografikoa eta itzultzaile automatikoa zela erabili, idatzi ereduak non aurkitu...; bestetik, gehien erabiltzen diren idatzietan –eskaerak, fakturak, aurrekontuak, ordainagiriak, oharrak, gutunak...– sarri errepikatzen diren esaldi eredu batzuk aztertuko dira.
Ikastaro hori doan izango da eta bertan parte hartzeko nahikoa da euskaraz berba egiten jakitea. Egunak eta orduak zehazteko, berriz, kontuan izango dituzte interesa agertzen dutenen aukerak.
Izena emateko Udal Euskaltegira deitu daiteke (943 76 44 53) edo Irizar jauregian duen egoitzara joan. Udaleko Euskara Zerbitzura mezua ere bidal daiteke: euskara@bergara.net. Izena emateko epea urtarrilaren 31n amaituko da.