Mendiko bizikleta gustuko duten herritarrek aukera bikaina dute asteburu honetan kirol honetaz disfrutatzeko, izan ere, Palmerakuak taldearen eskutik, Palmerakleta ekimena izango da asteburu osoan zehar.
Hainbat ekintza antolatu dituzte bizikleta zale hauek: ostiralean, hilak 17, bideo emanaldi batekin emango diote hasiera asteburuari. Juan Arbeloaren Mountain Bike Enduro en Ethiopia dokumentala izango da ikusgai Migel Altuna Institutuan 19:30tatik aurrera. Zapatuan aldiz, erakusketa bat jarriko dute martxan San Martin plazan Atzoko eta gaurko bizkletak izenburupean. Bertan Alberto Bolañosen antzinako bizikletak eta txirrindu osagarriak izango dira ikusgai. Halaber, gaur egungo bizikleta desberdinak izango dira eta bertaratzen direnekin batera, jokoak eta erakustaldiak egingo dituzte. Erakusketa, arratsaldean izango da, 17:00etatik 21:00etara.
Domekan aldiz, mendi bizikleta irteera egingo dute. Trekutz-Irimo aldera abiatuko dira bertako baso eta naturaz gozatzera. Herritar guztiei irekita dago, hortaz, interesa eta zaletasuna duten guztiak gonbidatuta daude. Hitzordua igandero bezala, 9:00etan Palmeran izango da.
Leontzio Asolo taldeko kideak adierazi bezala, hasiera batean kontu txiki bat antolatzea zen helburu eta azkenean asteburu guztira begira zerbait antolatu da: " Mendiko bizikleta Bergarara zabaltzea izan da Palmerakleta antolatzera bultzatu gaituena batez ere. Ethiopiara mendiko bizikletan ibiltzera joandako batzuen bideoa erakustea zen hasierako asmoa eta azkenean asteburu guztira zabaldu ditugu ekintzak, gainera guztiak doan izango dira". Horrez gain,"Palmerakuekin irtetzen garenoz aparte hainbat jende dago mendiko bizikletan ibiltzen dena eta baita mendiko bizikleta gustoko duena ibili ez arren. Esango nuke astebukaera hau herri guztiarentzat irekia dela" adierazi du.