Mendiko bizikletarekin erlazionatutako asteburua

Ane Etxeberria 2014ko urt. 13a, 13:40

Palmerakuak taldeko kideak.
Mendiko bizikleta gustuko duten herritarrek aukera bikaina dute asteburu honetan kirol honetaz disfrutatzeko, izan ere, Palmerakuak taldearen eskutik, Palmerakleta ekimena izango da asteburu osoan zehar.

Hainbat ekintza antolatu dituzte bizikleta zale hauek: ostiralean, hilak 17, bideo emanaldi batekin emango diote hasiera asteburuari. Juan Arbeloaren Mountain Bike Enduro en Ethiopia dokumentala izango da ikusgai Migel Altuna Institutuan 19:30tatik aurrera. Zapatuan aldiz, erakusketa bat jarriko dute martxan San Martin plazan Atzoko eta gaurko bizkletak izenburupean. Bertan Alberto Bolañosen antzinako bizikletak eta txirrindu osagarriak izango dira ikusgai. Halaber, gaur egungo bizikleta desberdinak izango dira eta bertaratzen direnekin batera, jokoak eta erakustaldiak egingo dituzte. Erakusketa, arratsaldean izango da, 17:00etatik 21:00etara.

Domekan aldiz, mendi bizikleta irteera egingo dute. Trekutz-Irimo aldera abiatuko dira bertako baso eta naturaz gozatzera. Herritar guztiei irekita dago, hortaz, interesa eta zaletasuna duten guztiak gonbidatuta daude.  Hitzordua igandero bezala, 9:00etan Palmeran izango da.

Leontzio Asolo taldeko kideak adierazi bezala, hasiera batean  kontu txiki bat antolatzea zen helburu eta azkenean asteburu guztira begira zerbait antolatu da: " Mendiko bizikleta Bergarara zabaltzea izan da Palmerakleta antolatzera bultzatu gaituena batez ere. Ethiopiara mendiko bizikletan ibiltzera joandako batzuen bideoa erakustea zen hasierako asmoa eta azkenean asteburu guztira zabaldu ditugu ekintzak, gainera guztiak doan izango dira". Horrez gain,"Palmerakuekin irtetzen garenoz aparte hainbat jende dago mendiko bizikletan ibiltzen dena eta baita mendiko bizikleta gustoko duena ibili ez arren. Esango nuke astebukaera hau herri guztiarentzat irekia dela" adierazi du.

Palmerakuak taldea

Euria, elurra, hotza, beroa… nahiz eta eguraldia eskasa izan edo primerakoa, domekero domekero, bizikleta hartu eta herritar talde bat palmeran elkartzen da txirrinduaz buelta bat ematera joateko. Txirrindularitza atsegin dute guztiek eta talde txiki bat izatetik, hau da lagun arteko plana izatetik, talde handi bat sortzera pasa dira.

Igandero goizeko 9:00tan elkartzen dira Ibargarai kaleko palmeran, hortik, taldearen izena. Talde irekia da, hortaz, nahi duen orok parte har dezake irteeratan, baldintza bakarra zera da: mendi bizikleta gustuko izatea eta umore ona izaten bada nagusi, hobe. Poliki poliki taldea osatuz eta handituz joan da, adin desberdinetako 30 bat pertsonek osatzen dute gaur egun taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak