Musika jaialdi bat baino gehiago da Tapoi Fest, eta hirugarren edizioa ere liburu aurkezpen batekin hasi dute. Pasa den urtean Al mal tiempo buena arcada, ilustrazio liburua aurkeztu bazuten, atzokoan, Bilboko Banizu Nizuke argitaletxeak kaleratu berri duen Euskal Herriko Musika Argazkilariak izeneko bildumako Musika eteten denean dantzariak tokialdatu egiten dira argazkiz osaturiko liburuaren aurkezpenarekin ekin zioten jaialdiari.
Argazkilariaren lana aldarrikatu
Banizu Nizuke argitaletxeko Pablo Salgado eta Egoitz Irizar izan ziren liburua aurkezteko arduradunak. Liburua bildumaren laugarren alea da hau; eta etiketarik jarri nahi izan ez dioten arren, hardcore-punk eszenaren lekukoa da liburua. Hiru argazkilariren lana batzen du liburuak; Ariane Smiercirena, Egoitz Irizarrena eta Hodei Estebanena, hain zuzen. Aurkezpen txukuneko koloretako ehun orrik osatzen dute liburua, eta nolabait, argazkilarien lana aldarrikatzeko dela esan zuten Banizu Nizuke-ko kideek, izan ere, kasu askotan alde batera uzten da-eta. Entzuleek arretaz jarraitu zuten aurkezpena, eta batek baino gehiagok berau amaitu orduko esku artean zuen Musika eteten denean dantzariak tokialdatu egiten dira liburuaren ale bat.
Tapoiak jartzeko ordua
Argazkiek, baina, musikari utzi zioten lekua. Gauean, Gaitze, Bar Remigio eta Trigger Travis taldeen emanaldiaz gozatzeko aukera izan zen; eta kontzertuak amaitu ondoren, Muguk eta Setik disko-jartzaile lanak egin zituzten. Gaur ostera, Teodora Barbarie, MKT, Drop! eta etxeko Fly Shit taldeek joko dute. Badirudi Bergarak oraindik ere hardcorea defendatzeko indarrez jarraitzen duela.