Bihar, egubakoitza, hasiko da 19:00etan, liburu aurkezpen batekin hirugarren Tapoi fest jaia gaztetxean. Hain zuzen ere, Banizu Nizuke argitaletxeak, Euskal Herriko Musika Argazkilariak izeneko bildumaren barruan, Musika eteten denean dantzariak tokialdatu egiten dira argitalpena kaleratu du eta horixe da aurkeztuko dutena. Bertan, Hodei Estebanek hartu du parte, Egoitz Irizarrekin eta Ariane Smiercirekin batera: "Hasieran euskal hardcore-punkari buruzko argitalpena egitea proposatu ziguten. Gu eremua underground edo gaztetxe mugimendura zabaltzearen alde agertu ginen, eta ildo horretako argazkiak jaso ditugu", azaldu dute egileek.
Kontzertuak ere bai
Liburuaren aurkezpena ez ezik, kontzertuak ere egongo dira bihar Tapoi fest jaian. 22:00etan hasita, lau taldek hartuko dute parte eta sarrera 4 euro izango dira.
Azpeititik Gaitze taldea etorriko da; duela gutxi sortutakoa, baina esperientziadun kideez osatua. Punk azkarra eta gordina jorratzen dute. Lasartetik, berriz, Bar Remigio taldea etorriko da; Bad Religion taldearen bertsioak egiten dituen tributu banda. Bilbo eta Donostiako kideez osatutako Trigger Travis hardcore-rock taldea ere izango da gaur, egubakoitza, gaztetxean eta gaueko laugarren banda Logroñoko Raiser izango da. Kontzertuaren ondoren, Mugu&Seti disko jartzaileak egingo du saioa.
Zapatuan, berriz, Teodora Barbarie, Fly Shit, Drop eta MKT taldeek egingo dute kontzertua –sarrera 4 euro–, 22:00etan hasita eta ondoren, Pantxinon&Romano disko jartzailearekin dantza egiteko aukera egongo da.