Martitzenean bukatuko da Amodiozko Gutunen Lehiaketara aurkezteko epea

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 2a, 12:06

XXII. Amodiozko Gutunen Lehiaketa.
Azken urteotan bezalaxe, aurten ere,  amodiozko gutunen  lehiaketaren edizio berria antolatu du Bergarako Jardun euskara elkarteak; XXII. edizioa izango da aurtengoa. Martitzena, urtarrilak 7, izango da lehiaketara aurkezteko azken eguna.

Lan guztiak jatorrizkoak, argitaragabeak eta euskaraz idatziak izan beharko dira, eta literatura eta kultura munduko pertsona ezagunek osatutako epaimahaiak aukeratuko ditu horien artetik onenak. Ohiko moduan, San Balentin egunez, otsailaren 14an, egingo da sari banaketa ekitaldia eta 1.000 euro pasa banatuko dituzte saritan.

Lehiaketaren oinarriak

  1. Lehiaketa honetan 1999an edo lehenago jaiotako edozein pertsonak parte har dezake.
  2. Lan guztiak jatorrizkoak, argitaragabeak eta euskaraz idatziak izan beharko dira.
  3. Lanek gutun forma izan beharko dute eta DIN A-4 orritan eskuz zein ordenagailuz idatzita aurkeztu ahal izango dira. Lanen luzera ezin izango da bi orrialde baino gehiagokoa izan.  
  4. Posta arruntez bidaltzeko, egilearen datuak kartazal txiki batean sartu (izen abizenak, adina, telefonoa, helbidea), ondoren kartazal txiki hori eta gutuna kartazal handiago batean sartu eta bidali. Posta elektronikoz bidaltzeko, gutuna fitxategi batean bidaliko da, gutuna izenarekin eta egilearen datuak, egilea izena duen beste fitxategi batean.
  5. Gutunak honako helbide honetara bidali beharko dira: Amodiozko Gutunen XXII. lehiaketa, Jardun Elkartea, Errotalde jauregia z/g, 20570 Bergara – Gipuzko. Posta elektronikoa: amodiozkogutunak@gmail.com. Informazio gehiago: 943 76 36 61 eta 943 76 08 19 telefono zenbakietan eta Jardunen web orrian (www.jardun.org).
  6. Lanak jasotzeko azken eguna 2014ko urtarrilaren 7a izango da.
  7. Sariak honako hauek izango dira: 1. saria, 500 euro; 2. saria, 250 euro; bergarar onenarendako saria, 150 euro (1. edo 2. saria Bergarako norbaitek lortuko balu, bergarar onenarentzako saria hurrengo bergarar onenari emango litzaioke); eta 26 urtetik beherakoen onenari saria, 150 euro –irakurle gazteek emandako saria– (1. edo 2. saria 26 urtetik beherako norbaitek lortuko balu saria hurrengo gazte onenari emango litzaioke).
  8. Sari ematea otsailaren 14an, ostirala, San Balentin egunean egingo da, Bergarako Kultura etxean, 19:00etan.
  9. Lan guztiak Jardun elkartearen esku geratuko dira eta osorik zein zatika argitaratzeko aukera izango du, beti ere, egilea zein den garbi adieraziz.
  10. Lehiaketaren epaimahaia literatura eta kultura munduko pertsona ezagunek osatuko dute. Gazteen sarirako epaimahaia, berriz, Bergarako  ikastetxeetako ikaslez osatua egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak