Duela hiru urte ekin zion Bagarak Debagoieneko Tobera antzerki satirikoa antolatzeari eta bailarako herri handienen trilogia itxiko du aurtengoak; izan ere, Arrasate eta Oñati epaitu ostean, aurten Bergara epaituko dute.
30 antzezle baino gehiago
Epaiketa horretan epaile lanak egiten ibiliko da hirugarren urtez Mikel Irizar, Don Prudentzio Piper Hautsaren paperean.
Bergarako zenbait auzotako ordezkariak eta inguruko zenbait herritako lekukoak izango dira Bergarako herriari azalkeria leporatuko diotenak eta akusazioaren fiskala Jon Olivares osintxuarra izango da, Jon Martir fiskalaren paperean.
Bergara defendatuko duen abokatua, berriz, Ane Zabala izango da Aupa Miren Etxebesteren paperean.
Eta horretan guztian parte hartuko dute 30 antzezle baino gehiagok. Tartean egongo dira jostunak, konkistatzaileak, gazteen ordezkariak, auzotarrak, inguruko herrietakoak edota pertsonaia historiko garrantzitsuak.
Sarrerak salgai
Bihar, Inuxente Egunean, eskainiko dute antzerki satirikoa Bergarako Udal pilotalekuan 19:00etan.
Sarrerak salgai daude dagoeneko toki hauetan: Bergaran Kultura etxean, Pol-Polen eta Lazkanon; Oñatin Txokolaterixan; eta Arrasaten Ttukunen. Internet bidez, barrabarra.eu webgunean ere eros daitezke.
Goiena telebistan ikuskizuna osorik
Ondoren, Goiena telebistak oso-osorik eskainiko du aurtengo Tobera, hilaren 31n gaueko 23:15ean.