Hasieratik amaierara gogoratu zuten Miguel Gonzalez Bastida Gabonetako kontzertuan

Iure Eizagirre 2013ko abe. 22a, 12:30

Bertan egon gabe ere, Miguel Gonzalez Bastida musikari eta konpositore bergararrak gidatu zuen zapatuan Bergarako Udal Musika Bandak, Aritzeta Abesbatzak, Bergarako Orkestra Sinfonikoak eta Bergarako Orfeoiak eskainitako Gabonetako kontzertua.

Agertokiaren alde batean duela gutxi hildako Gonzalez Bastidaren irudi handi bat jarri zuten, bere jaiotze- eta heriotza-urteekin batera.

Oroimenerako giro horretan eta Subterra piezarekin eman zion hasiera kontzertuari Bergarako Udal Musika Bandak. Aritzeta Abesbatzaren lehen pieza Gonzalez Bastidak konposatutako Errekatxo kantari izan zen eta herritarren emozioak azaleratu zituen.

Bergarako Orkestra Sinfonikoaren emanaldiak giro biziagoa jarri zuen Udal Pilotalekuan, Mecanoren hainbat abesti interpretatu zituen-eta Ainara Ortega bakarlariarekin batera. Ondoren, dantzan ikusi genituen Bergarako Orfeoiko kideak.

Oroigarria eta 'tutti'-a

Gabonetako kontzertuan parte hartutako musikari guztiek agertokia bete zuten tutti-a interpretatzeko. Gonzalez Bastidak gogoko zituen Gabonak eta hark konposatutako Gabonetako estanpak pieza interpretatu zuten, haren seme Alfredo Gonzalez Chirlaqueren zuzendaritzapean.

Aurretik, baina, bere seme-alabek oroigarri bat jaso zuten Jaione Isazelaia alkatearen eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak