Bi zati izango ditu kontzertuak: lehenengoan taldeek bakarka interpretatuko dituzte kontzerturako prestatutako piezak eta bigarrengoan tutti-a eskainiko dute denek batera. Gainera, aurten berrikuntza gisa, herritarren parte-hartzea eskatu dute.
Aritzeta Abesbatzak kontzertuaren hasieratik ekarriko du gogora Gonzalez Bastida Errekatxo kantari eskainiko duelako. Horrekin batera, Josu Elberdinen Izar ederrak, Eric Whitacreren The seal lullaby eta Dan Forresten The first Noel interpretatuko ditu.
Bergarako Udal Musika Bandak Winberger-en Subterra pieza eskainiko du eta Orkestra Sinfonikoak Mecanoren Intimeca. Bergarako Orfeoiak eta Gabero Abesbatzak batera abestuko dute eta honako kantak eskainiko dituzte: Dizdizka zeruan, Ubi caritas, Goza mi calypso eta He never failed me yet.
Herritarren parte-hartzea
Amaierako tutti-an ere Gonzalez Bastidak herrian utzitako hutsunea agerian geratuko da, izan ere, berak konposatutako Estampas navideñas pieza eskainiko dute. Bergararren emozioak agerian geratuko dira eta hauek besteekin banatzeko eskatu diete, tutti-an parte hartuz. Hainbat herritarrek jada bat egin dute asmo horrekin.