Urteko azken astean denetariko kirol jaialdiak izango dira Bergaran

Ane Miren Etxeberria 2013ko abe. 23a, 09:00
Kirol zaleak direnek izango dute zer egin Gabonetan, izan ere, denetariko kirol ekintzak izango dira herrian. Saskibaloia, futbola eta pilota protagonistak izango dira, eta beraz, kirol hauek gustuko dituztenek badute zertaz disfrutatu abenduaren 26tik 31ra bitartean.

Gabonetako lehen betekada jaisteko saskibaloia izango da protagonista herrian, izan ere, Hirunako Saskibaloi Txapelketa jokatuko da Udal Pilotalekuan. Azken urteetako ohiturari jarraiki, saskibaloi partidu entretenigarriak izango dira nagusi eta goizez zein arratsaldez izango dira norgehiagokak. Goizeko saioak 10:00tatik aurrera izango dira eta arratsaldetakoak 16:00etan hasita. 3X3ko Txapelketa hau bi egunetan ospatuko da, 26an (eguena) eta 27an (egubakoitza).

Hurrengo bi egunetan aldiz, 28an eta 29an, haur mailako neska-mutilen txanda izango da. Saskibaloian arituko dira ere gaztetxoak baina kasu honetan, Labegaraietan lehiatuko dira 10:00tatik aurrera.

Futbolari dagokionez, Gabonetako Gazte mailako futbol txapelketako bigarren finalerdia eta finala ospatuko dira urte amaiera bezperan eta Gabon Zahar egunean. Finalerdia 17:00tatik aurrera izango da Ipintzan eta Reala Bergararen aurka lehiatuko da. Abenduaren 31an aldiz, finala jokatuko da 16:00tatik aurrera Agorrosinen.

Gabon sariko pilota finalak

Pilotari dagokionez, urteroko legez, Gabon Sariko pilota finalak jokatuko dira abenduaren 30ean Udal pilotalekuan. Partidak 16:00etan hasiko dira eta maila desberdinetako pilotariak arituko dira txapeldu izan nahian.

100 bat pilotarik hartu dute parte aurtengo ligaxka honetan, 6 urtetatik hasi eta nagusien mailara arte. Benjamin mailan 3 talde izan dira (A, B eta C taldeak), kimu mailan bi (A eta B) eta haurren mailan bakarra. Nesketan, eskuz ez, baina paletan aritu da talde bat. Kadete, gazte eta nagusi mailan ere, pilotari taldea izan da aurten.

Horretaz gain, aurten ere Barru jokoa ere egingo dela adierazi du Reyes Azkoitia arduradunak, baina murrizketa batzuekin, "aurten, murrizketak direla eta haur eta kimu mailakoek soilik jokatuko dute, beste mailakoak ezabatu ditugu".

 

Finalisten zerrenda

  • Benjamin C
    Agirrebena-Losada

  • Benjamin B
    Lazpiur-Larrañaga
  • Benjamin A
    Perez-Etxaniz

  • Kimuak B
    Zubizarreta-Penin

  • Kimuak A
    Mendizabal-Arriola

  • Haurrak
    Gartzia-Etxaniz

  • Kadeteak
    Balerdi-Zubizarreta

  • Jubenilak
    Aristi-Diez

  • Nagusiak
    Muguruza-Iñarra

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak