Bergarako Udalak bigarren sektorea biziberritzeko sortu zuen mahaiaren ondoriotako bat da Berelan Foroa. Antzuolako, Bergarako eta Elgetako Udalek, bertoko eragile sozio-ekonomiko batzuekin batera sortu zuten foroa.
Bada, atzo Bergarako osoko bilkura aretoan, Jaione Isazelaiak, Bergarakoa alkateak; Marije Unamunok, Bergarako Udaleko garapen teknikariak; Xabier Sabaltzak, Berelan Foroko kideak eta Iñaki Espartzak, UNEDeko zuzendariak, Berelan Foroaren hurrengo pausoa aurkeztu zuten: atzerrian bizitzen, lanean zein ikasten dauden herritarrekin enbaxadore sarea sortzea.
Berelan foroko partaide bezala, erbestean dauden herritarrak gure lurraldearen enbaxadore izatea da helburua, era guztietako proiektuak gauzatzen, garatzen edo bultzatzen. Dagoeneko, unibertsitateko ikasle batzuekin hasi dira lanean.
Etorkizuneko enbaxadorren lehenengo hitzordua
Enbaxadore sarea sortzen hasteko, atzerrian bizi diren herritarrak batu nahi dituzte datorren egubakoitzean, hilak 27 arratsaldeko 19:00etan Bergarako Udaletxeko osoko bilkura aretoan. Bertan lehenengo urratsak emango dituzte, elkar ezagutzen eta ideiak partekatzen. Espartza, UNED-eko zuzendariaren arabera, potentzial handiko proiektua izan daiteke.
Esan bezala, atzerrian bizi diren herritar guztiei egin zieten bertara hurbiltzeko gonbitea, eta aukerarik ez izanez gero, ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera izango dutela esan zuten. Era berean, bilera irekia izango da, beraz, atzerrian bizi diren herritarren hurbileko pertsonaren bat joateko aukera zabaldu zuten. Hala ere, aurrez izena emateko eskatu zuten, www.berelanforoa@gmail.com helbide elektronikoan. Beraz, abenduaren 27an Berelan Foroaren etorkizuneko enbaxadoreek lehenengo urratsak ematen hasiko dira.