Zer da Bergarari epaiketan leporatzen diozuna?
Jon Martir, fiskala: Bergarako herriari azalkeria leporatzen diogu: handinahikeria; teatreroak izatea; itxurakeria; izan denari baino, ematen denari garrantzi handiagoa ematea.
Eta akusazioaren aurrean, zein izango da defentsaren ardatza?
Aupa Miren Etxebeste, abokatua: Bergarakook eleganteak izateak ez duela beste zenbait konturekin zerikusirik: handinahikeriarekin, inguruko herriak eta auzoak gutxiestearekin… Bergara oso herri garrantzitsua izan da beti, pertsonaia garrantzitsuak eman ditu, eta harro gaude, baina, betiere, umiltasunetik.
Nolako lekukoak eramango dituzue epaiketara?
J.M.: Akusazioaren aldetik, zenbait auzo dira lekuko nagusiak. Baina ez dira bakarrik egongo; Bergararekin harreman zuzena edo zeharkakoa duten beste zenbait herritako lekukoak ere aurkeztuko ditugu.
A.M.E.: Bergara modu oso desberdinetara bizi izan dutenak.Herritar xumeak, esfortzuaz eta lan eginda bizimodua aurrera atera ahal izan dutenak; Bergara lau haizetara munduan zehar zabaldutakoak; pertsonaia ilustratua eta, gainera, emakumea; egungo Bergara ondo ezagutu dutenak….
Aurreko toberak jarraitu dituzue akusazio zein defentsa prestatzeko orduan?
A.M.E.: Bai. Bietan abokatuek lan paregabea egin zuten, eta nik hauen erdia emanez gero harro sentituko naiz nire herria defendatzen. Baina ez da lan makala izango aurretik edukiko dudana...