Mikel Aristi: "Ez nuen baztertu amateur mailara itzuli behar izatea"

Xabier Urtzelai 2013ko abe. 14a, 09:32

Etorkizun hurbilean non korrituko duen jakin barik hasi zen Mikel Aristi (Bergara, 1993) urrian entrenatzen. Ez da profesionalen artean halaxe ibili den bakarra, baina Kontinental mailan urtebete egin ostean gertu ikusi du ostera amateur mailara itzultzea. Zorionez, Madariagaren proiektuan jarraituko du 2014an.

Zelako udazkena! Euskaltelen desagerpena, Euskadi Fundazioaren proiektua kolokan, NER Taldearekin izandako gorabeherak...

Bai. Momentu batean jasotzen genituen albiste guztiak txarrak ziren, eta ziklistok ez dugu batere informaziorik izan. Eta, ezjakintasun horrekin entrenatzen hastea ez da atsegina.

Pasa zitzaizun burutik amateur mailara bueltatu beharko zinela?

Une batzuetan bai, ez nuelako etorkizuna batere garbi ikusten. Baina, nire buruari esan nion ez zuela zentzurik kontu horrekin obsesionatzeak. Gaztea naiz, eta atzerapauso moduan ikustea baino hobe zela profesionalen artean bizi izandako urtea opari moduan hartzea. Asko ikasi dut urtebete honetan, eta ikasitakoak amateurretan ondo ibiltzeko balioko zidan.

Urtebete egin duzu Kontinental mailan. Zelako kategoria da?

Oso gogorra. Hemen maila Kontinentala jende gazteaz lotzen dugu. Baina, beste lurralde batzuetan ziklista beteranoek korritzen dute bertan, maila oso oneko ziklistek. Eta, Portugal da adibide bat. Bestalde, beste lasterketa asko lehen mailako profesionalekin lehiatu ditugu.

Mallorcako Itzulia, esaterako.

Bai, han egin nuen debuta, eta egia esan, oso oroitzapen onak ditut.

Lehenengo etapa, eta bakarrik ihes eginda. Ez da gutxi...

Horixe zen taldearen helburua, ihesaldietan protagonista izatea. Mallorcako Itzulian etaparen bat irabazi ahal izatea oso zail ikusten genuen, eta ihesaldietan izan nahi genuen protagonista. Taldekide askok egin genuen saiakera, baina nik lortu nuen aurrera egitea.; leher eginda amaitu nuen.

Portugal, Errioxa, Ronde l'Isard, Aostako Itzulia, bertako klasikoak... Eta baita Txina ere. Zelako balorazioa egiten duzu?

Egia esan, oso gustura geratu naiz. Izugarri ikasi dut aurten eta esperientzia ederra izan da. Talde lana egin dut, baina ihesaldi batzuetan sartzeko aukera ere izan dut.

Zer korritu nahiko zenuke 2014an?

Lasterketa konkretu bat korritu baino, aurrerapausoak ematen jarraitu nahiko nuke, eta taldean nire lekua hobeto finkatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak