2006an lehen edizioa antolatu eta gero, aurten ere, Trikitixa Festa hau antolatu dute Erdizka Trikitixa Elkarteko kideek. Euren asmoa da zaletasun berdina duten herritar eta lagunak elkartzea: "trikitizaleak batzeko helburuarekin antolatutako festa bat da. Bide batez, gure arteko harremanak sendotu eta egun polit bat pasatzea nahi dugu" adierazi du Nekane Mendikute Erdizka Elkarteko kideak.
Ekitaldiak arratsaldean hasiko dira. 16:00tan hainbat tailer izango dira Musika eskolan eta 19:00tatik aurrera Ai Ene! taldearen erromeria izango da Munibe Plazan. Musikaz gain, gaztaina jana ere izango da eta gosez geratzen direnek, afari goxo batez disfrutatzeko aukera ere izango dute. Afarian, nola ez, "umore ona, trikitia eta pandero soinuak ez dira faltako" zioen Nekane Mendikute antolatzaileak.
Festaren bigarren edizioa
2006an ospatu zen lehen edizioa eta antolatzaileen esanetan "festa berreskuratu nahi izan dugu eta ahal izanez gero urtero antolatu". Aurtengo edizioak gainera hainbat berrikuntza izango ditu," mikrofono aurrean nola abestu behar den jakiteko tailerra izango dugu baita pandero jotzen ikasteko tailerra ere. Imanol Urkizu arituko da irakasle lanetan. Benetan pozik gaude, tailerrek izan duten erantzunarekin, izan ere jende nahikotxok eman du izena eta honek aurrera begira ere animatu egiten gaitu. Ederra da ikustea halako tailerretan parte hartzeko jendearen gogoa" adierazi du Mendikutek.
Zaletasunarengatik galdetuta, kalera ateratzeko grina dagoela esan du Mendikutek: "grina piztuta dagoela esango nuke, eta geroz eta handiagoa dela gaineratuko nuke. Trikitixaren tinbrea oso ondo sartzen da kalean eta agian horregatik izango da. Egia esan, bailaran zaletasuna oso handia da".
Eskertza eta kontaktua
Musika Eskola zein Udalari eskerrak luzatu nahi izan die Mendikutek, izan ere, "festa hau antolatzen lagundu digute eta urte oson zehar egiten ditugun hainbat ekintzetan gurekin izan dira. Eskerrak ere eman nahi dizkiegu, guraso, adiskide eta gazte guztiei festa honetan parte hartzeagatik eta baita burutzen ditugun beste ekintzetan babesa emateagatik".
Elkartearen asmoa, festari eutsi eta urtero antolatzeaz gain, beste hainbat ekintza burutzea izango da. Halaber, elkarteko kide izan nahi duen orok, ateak irekiak dituela adierazi du Mendikutek. Harremanetarako helbide elektroniko bat dute (bergarakotrikitizaleak@gmail.com) eta bertara idaztea besterik ez dute interesatuek.