Gonzalez Bastida gogoan Gabonetako kontzertuan

Ane Miren Etxeberria 2013ko abe. 13a, 12:00
Orain dela hilabete gutxi hil zen Miguel Gonzalez Bastidaren omenezko emanaldia izango da aurtengo Gabonetako kontzertua. Hori dela eta, 'Tutti'-an parte hartzeko gonbita egin dute, herritarrek ere omen dezaten Gonzalez Bastida.

Aurtengo kontzertua memoriaz eta sentimenduz betetako ikuskizuna izateaz gainera, parte-hartzaileagoa ere izango da. Izan ere, herritarrei gonbita egin diete kontzertuan parte hartzen duten talde guztiek, tutti-an parte har dezaten. Horrela, herritarrek ere ekarpen xumea egingo dute; omenaldi xumea, alegia.

Aritzeta Abesbatzako lehendakari Xabier Alzolak hauxe adierazi du: "Gonbita herritar guztiei zuzenduta baldin badago ere, Miguelekin abestu zutenei konkretuki helarazi nahi izan diegu gonbita. Batzuk animatu dira eta badakit beste batzuk damutu egingo direla kontzertua ikustera etortzen  direnean. Ziur abesteko gogoz geratuko dela bat baino gehiago...", adierazi du Alzolak.

Halaber, kontzertuaren lehen zatian, Aritzetak lau pieza interpretatuko ditu, horietako bat Miguel Gonzalez Bastidak berak konposatutakoa: Errekatxo kantari. Hala, euren omenaldi txikia ere egingo diote "herriko konpositore handiari", esan du Alzolak.

'Estampas navideñas'
Estampas navideñas izango da aurtengo tutti-an interpretatuko duten pieza. Miguel Gonzalez Bastidak konposatutako lana da eta Gabonak direla eta oso aproposa; izan ere, "oso abesti ezagunez osaturiko pieza da, Gabonetako estanpak, oso tipikoa", zehaztu du Aritzeta Abesbatzako lehendakari Xabier Alzolak.

Kontzertua abenduaren 21ean izango da, Santo Tomas egunean, 22:30ean, Udal Pilotalekuan. Sarrera 8 euro kostatzen da eta herritar guztiak daude gonbidatuta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak